Kultur azpiegiturak

Urtebeteko balantze positiboa egin dute Tabakalerako arduradunek

Kultura garaikidearen nazioarteko zentroaren urteurrenaren atarian, agerraldia egin dute Tabakalerako eta hura osatzen duten erakundeetako instituzioek. Azpiegiturak goratu, publikoaren harrera txalotu eta eragileen arteko "sinergiak" nabarmendu dituzte. 640.000 bisitari izan dira zentroan urtarriletik hona.

Tabakalerako eta zentroa osatzen duten erakundeetako arduradunak, gaurko agerraldian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2016ko irailaren 8a
14:33
Entzun

Urtebete beteko du datorren igandean Donostiako Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroak, eta efemeridea baliatu dute arduradunek orain arte ibilitakoaren balantzea egiteko. Gaur egindako agerraldian, balorazio zeharo positiboa egin du zentroko zuzendari Ane Rodriguezek, eta halaxe egin dute espazioa osatzen duten Etxepare Insitutuko Aizpea Goenaga, Euskadiko Filmategiko Joxean Fernandez, Donostiako Zinemaldiko Jose Luis Rebordinos, Zineuskadiko Ainhoa Gonzalez eta Kutxa Kultureko Mikel Mendarte ordezkariek ere.

Hainbat datu eman ditu Rodriguezek: urtarriletik hona, 640.000 bisitari izan ditu Tabakalerak —2015eko irailetik abendura bitarteko daturik ez dago—, eta, beraz, eraikinak "espazio publiko modura bizitza" duela uste du zuzendariak. Antolatutako erakusketetan, "oso ezberdinak", 60.000 bisitari izan dira, eta Ubiken, eraikineko liburutegi berezian, 14.000 erabiltzaile izaten dira hilabetean. Espazio horren garrantzia nabarmendu du, hain justu, Rodriguezek, eta "liburutegi kontzeptu berria" martxan jarri izana azpimarratu du.

Sortzaileekin egindako lana ere goratu du kultur zentroko arduradunak: adierazi duenez, Euskal Herriko zein atzerriko 68 sortzaile izan dira lehen urtean Tabakaleran. Arlo horretan, Donostia 2016 eta Zinemaldiarekin batera martxan den Ikusmira Berriak zinemagileentzako egonaldia jarri du adibide gisa.

Gainerakoan, Hirikilabs teknologia laborategian, Tabakalerako hezkuntza proiektuetan eta zinema arloan egindako lanen berri eman du Rodriguezek, eta horien guztien balorazio ona egin du, itzalik agertu gabe. Gainera, zentroa osatzen duten erakundeen artean sortutako "giroa" nabarmendu du: "Tabakalera denon artean egiten dugu, bakoitza bere tokitik. Urte bat daramagu, oinez egiten hasi gara, baina asko dugu hobetzeko. Helburuetako bat orain arte martxan jarritako guztia egonkortzea izango da".

Gainerako erakundeetako ordezkariek urtebetean egindako lanen berri eman dute, eta euren artean egindako loturak eta elkarlanak txalotu dituzte. Era berean, Tabakalerak eskaintzen dituen espazio eta azpiegiturak nabarmendu dituzte. Irailaren 11n, igandean beteko da urtebete zentroak ateak ireki zituenetik, eta, urteurrena ospatzeko, egun osoko egitaraua antolatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.