Zuzendaria: Gunter Neuhold. Zuzendari gonbidatua: Cristobal Halffter.
Egitaraua: Halffter, Albeniz-Rueda eta Mahlerren lanak.
Lekua: Euskalduna jauregia (Bilbo). Eguna: Urriak 7.
Jesus Mari Begoña
Bilboko Orkestra Sinfonikoak aire freskoa eman dio 2010-2011 denboraldiaren hasierari, konpositore batzuen urtebetetzeekin jolastuz, egitarau dibertigarriaren bitartez. Izan ere, lehenengo zatian, Halffterren 80. urtebetetzea ospatu zuten beraren bi lanekin eta maisu beraren presentzia orkestraren aurrean. Horrela egin zuen, Lehenengo tonuaren tentua eta batalla inperiala (1985) izeneko lanean. Kasu honetan, Errenazimenduaren eta Barrokoaren tradizioari eta organo piezeei hurbilketa da, Cabezon eta Cabanillesen garai hartako laneei egindako gogorapena. Bada, gure orkestrak arreta handiz jarraitu zuen maisu zaharrak ematen zituen aginduak contrapuntoaren eta jai giroko adierazpenaren barnean eta fanfarrearen ondoren biek jaso zuten publikoaren beroaldia.
Baina aurretik, Neuhold-en aginduetara musikariek Halffterren abangoardiako Halfbeniz deritzon lana jo zuten. 2001ean egindako konposizioa disonantziaren bidetik doa, nahiz eta tarteka Albenizen aipamen argiak egin. Lan horretan, nik ez nuen orkestra eroso ikusi eta desadostasunak sumatu nituen biolinetan.
Eta kontzertuaren lehenengo ekitaldia osatzeko, Ruedak egin zuen orkestrarako bertsioa entzun genuen Albenizek piano hutserako asmatu zuen Suite Iberia-ren hiru pasarteen gainean. Nire ustez, batzuetan tinbreen aldetik aberats izan arren, beste batzuetan, aldiz, pianoaren lerdentasuna galdu egiten da...
Baina Albenizen 150. jaiotzaren urtebetzearekin batera Mahlerren urtebetze berbera ere ospatu zuten bigarren ekitaldian, beraren 1go Sinfoniarekin. Beraz, lan honetan BOS orkestrak sasoian dagoela frogatu zuen. Bada, Neuhold eroso ikusi genuen Mahlerren bertsio klasikoa eskainiz. Lan konplexuaren barruan aipatuko ditugu Scherzo-an lortu zuten poztasuna, Hileta Martxa-ri eginiko parodia eta laugarren mugimenduari eman zioten dramatismoa eta kontrastea.
Urtebetetze pozgarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu