Ikus-entzunezkoak

Urtero lau proiektu zinematografiko lagunduko ditu Ikusmira Berriak erakunde arteko programak

Tabakalerak, Zinemaldiak, Donostia 2016k, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak sortu dute, eta “berrikuntza eta esperimentazioa” sustatuko du.

Egitasmoaren aurkezpena. ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2015eko otsailaren 3a
17:51
Entzun

"Berrikuntza eta esperimentazioa” sustatuko du –hala “lengoaia zinematografikoetan” nola “ekoizpen moduetan”– Ikusmira Berriak erakunde arteko programak, urtero zinemagintzako lau egitasmo bultzatuz hiru arlotan: prestakuntza, ekoizpena eta erakusketa. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Donostiako Zinemaldiak, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak jarri dute abian Ikusmira Berriak.

Lehenik, lau asteko egonaldia eskainiko zaie hautatutako egitasmoen egleei, Donostiako Tabakaleraren instalazioetan, beren egitasmo horiek nazioarteko hiru adituren aholkularitzarekin eta laguntzarekin garatu ahal izateko. 60.000 euroko aurrekontua bideratuko du Tabakalerak egonaldi horietara.  

Ondoren, proiektuaren pitching-a egiteko aukera, hots, ekoizleei proiektua aurkeztekoa, haiek proiektuan inplika daitezen, egoki iruditzen bazaie.

Proiektuak gauzatu eta gero, Donostiako Zinemaldian programatuko dira, horregatik beste edozein jaialditan aurkezteko aukera galdu gabe. Horrez gain, Tabakalerak ere lagundutako proiektu horiek proiektatzeko konpromisoa hartu du bere gain.

Ikusmira Berriak programaren barruan laguntza jasoko duten lau egitasmoak beste horrenbeste sailetan banatuko dira: egitasmo baten egilea Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren 13. ekitaldian parte hartutakoa izango da; beste bat Kimuak 2014an hautatutako proiektuetako baten egilea; beste bat Clermont-Ferrand film laburren jaialdiko Labo Sailaren 37. ekitaldiko partaide izana; eta beste bat aurreko baldintzetako bat bera ere betetzen ez duen Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako zinemagilea izango da.

Egitasmoak aurkezteko epea zabalik dago www.ikusmiraberria.eu helbidean, eta apirilaren 1ean itxiko da. Nazioarteko aditu-batzorde batek egingo du hautaketa aurkeztutako egitasmoen artean. Antolatzaileek espero dute lagundutako egitasmoetako batzuk –edo akaso laurak– Donostiako Zinemaldiaren 2016ko ekitaldian ikusteko moduan izatea.

Erakundeen arteko kidetza eta laguntza nabarmendu dute Ikusmira Berriak programa aurkeztu duten erakundeetako eragileek. Programaren fruituak igartzeko urteak beharko direla esan du Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak, baina espero duela urte batzuen buruan programa sendotu, egonkortu eta estimatua izatea, “gaur egun Kimuak den bezala, adibidez”. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.