Xabi Uruguain jaiotako futbolari bat da. Zapatari errepublikazale nafar baten semea. Erbesteratu baten ondorengoa. Osasuna futbol taldeak fitxatu berri duela eta, Iruñera iritsi da, baina Nafarroan bere iraganarekin tupust egingo du: Montevideoko kaleetan neska-lagun izan zuen Rosana aurkituko du berriro. Rosana Montevideoko poliziaburuaren alaba zen 1973an, estatu kolpe militarra gertatu zenean, eta orain, hainbeste urte igaro eta gero, orain biek aukera izango dute, azkenean, aspaldiko errepresioaz, desagertuez eta bortizkeriaz gogoeta egiteko. Iragana berrikusteko.
Diktadura militarren pean gertaturiko errepresio latza da Ana Diez zuzendari nafarraren (Tutera, 1957) azken filmaren abiapuntua. Sorburua. Ricardo Fernandez Blanco idazle uruguaiarraren gidoian oinarrituta, Paisito filmak haurren arteko maitasunaz hitz egiten du, deserriaz, oroitzapenaz eta memoriaz. Bi protagonistek, haurrak zirela, betiko maitasuna agindu zioten elkarri, baina bizitzak betiko bereizi zituela uste zutela, azkenean gurasoen sorterrian elkartuko dira. Haiendako erbestea da berriro, baina.
«Malenkonia zirraragarria», hitz horiexekin laburbildu zuen zuzendariak atzo, filmaren aurkezpenean, Paisito bera.
Uruguain egina
Filma Uruguain dago egina ia osorik, baina baita Argentinan eta Espainian ere. Xabiren lana Mauricio Dayub aktoreak egin du, eta Rosanarena, berriz, Maria Bottok. Emilio Gutierrez Cabak, Viviana Sacconek eta Nicolas Paulsek osatzen dute aktore taldea. Filmatze lanerako hilabete izan zuen taldeak, eta Uruguaiko esperientzia «plazer betea» izan zela esan du zuzendariak. «Jendeak asko lagundu zigun, eta dekoratuak ere gure filmerako eginak zeudela ematen zuen, 70eko urteak islatzeko ez genuelako inolako arazorik izan. Uruguai krisi etengabean dago, eta azken hogeita hamar urteetan fisikoki ia ez daaldatu».
Ricardo Fernandez Blanco gidoilariak onartu zuen filma autobiografikoa dela, bera Uruguain bizi izan zelako diktadurak iraun zuen garaian, baina bere haurtzaroa kontatu baino gehiago Uruguain bizitako urteak kontatu nahi zituela esan zuen atzo. «Ez nuen istorio manikeoa kontatu nahi. Ez nituen gaiztoak oso-oso gaizto eta biktimak oso-oso biktima jarri nahi. Totalitarismoak sortzen dituen egoerak kontatu nahi nituen, eta Uruguain zer gertatu zen zabaldu. Hura ez da Argentinakoa bezain ezaguna, Argentinan 30.000 lagun hil zituztelako, eta Uruguain, berriz, 3.000».
Emilio Gutierrez Cabak ere «barru-barrutik ateratzen den lana» dela esan zuen. «36ko gerratik alde egin behar izan zutenen bizitza kontatzen du, eta istorio hori erdiragarria da».
Uruguaiko diktadura zinemara ekarri du Ana Diezek
Nafarroako zapatari errepublikazale baten semea da 'Paisito' filmeko protagonista nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu