Urumeako itsasargia

Jon eta Naiara Montero arkitektoen 'Hiru lerroan' proiektuak irabazi du Tabakalera eraberritzeko nazioarteko lehiaketa

AITOR ABAROA DONOSTIA
2008ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Tabakalera eraikina Egia auzoari argia emateko itsasargi bihurtzen du». Hitz horiek erabilita aurkeztu du Joxean Muñoz Tabakalerako zuzendaria nagusiakTabakaleraren Berritze Arkitektonikorako Nazioarteko Lehiaketa irabazi duen proiektua: Jon Montero Madariaga eta Naiara Montero Viar Bartzelonako arkitektoek aurkeztutako Hiru lerroan egitasmoa.

Muñozek azaldutakoaren arabera, epaimahaiak egindako proposamenean oinarrituta, hiru arrazoi nagusi izan ditu kontuan KGNZko (Kultura Garaikidearen Nazioarteko Guneko) Administrazio Kontseiluak proiektu irabazlea aukeratzeko orduan: Hasteko, Hiru lerroan proiektuan azaldutako eraberritzeen ondorioz, hiriak Tabakalera beste modu batean ikustea, eta baita, Tabakaleratik bertatik Donostia beste modu batean ikustea ere ahalbidetuko delako. Horretaz gain, proiektuak Tabakalera kokatzen den ingurunea beste modu batera antolatuko duelako; «oso modu aberasgarrian». Baina batez ere, kontuan izan dute Monterotarren proiektuak eraikinaren barruan funtzionatzeko orduan, «malgutasuna» eta «ideia multzo interesgarriena» eskaini dituela aurkeztutako 61 proposamenetatik. Eraberritze materiala aurrera eramateko 42.300.000 euroko aurrekontua kalkulatu da.

Muñozek azpimarratu nahi izan du, XX. mende hasieran fabrika izan zenak XXI. mendean ere fabrika izaten jarrai dezan, egitasmo irabazleak«errespetu osoz» tratatzen duela fabrika zaharra, eta horregatik, eraberritzea egindakoan, «kultur fabrika egokia, aberatsa eta batez ere, jendearen nahietan eta jendearen zirkulazioan pentsatuta» egindako egitasmoa izango dela. «Tabakalera proiektua orain arte hainbat ideia batzen zituen egitasmoa zen, kultura proiektu bat. Gaur esan dezakegu badugula ideia multzo bat arkitekturari buruz, eta hemendik aurrera,beraz, kultur ideiek eta arkitektura ideiek batera egingo dute etorkizunerako bidea», gaineratu du.

Odon Elorza Donostiako alkateak kristalezko bolumenak eraikinari emango dion ikono balioa azpimarratu du, horrek Tabakalera hiriaren barruan erraztasunez identifikatuko den eraikina bihurtuko duela adieraziz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatu Maria Jesus Aranbururen hitzetan, «Tabakalerako eraikin eraberrituak Urumea ibaiaren bi aldeak elkarrengana hurbiltzeko balioko du». Azkenik,Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak «edukia eta edukitzailea batera garatzeko oinarriak» jarri direla adierazi du.

Bihar, arratsaldeko 19:30ean, Joxean Muñozek, Jon Montero eta Naiara Montero arkitektoekin batera, proiektuaren berri emango du publiko zabalari zuzenduta Tabakaleran bertan egingo den ekitaldian.



Tabakalerak egun duen sarrera ez ezik, beste bi sarrera ere egingo dituzte; eraikinaren inguruan aldaketa esanguratsuak egingo dituzte.

Lurpeko pasabidea plaza bihurtuko da

A. A. Donostia

Jon Montero Madariaga eta Naiara Montero Viar arkitektoek Tabakalera eraberritzeko proiektu irabazlearen ezaugarri aipagarrienen berri eman dute. Emandako azalpenen arabera, lau ezaugarri nagusi izango ditu eraberritze proiektuak: eraikinaren gainean ezarriko den beirazko bolumena, iparraldeko sarrera, mendebaldeko sarrera eta sarrera nagusiaren eraberritzea.

Hasteko, eraikin eraberrituari ikur edo itsasargi izaera emango dio eraikinaren erdiko gorputzaren gainean eraikiko den beirazko bolumenak. Egitura berri horrek, alde batetik, energia alternatiboak bilatzeko balioko du, plaka fotoboltaikoak jarriko litzaizkioke, adibidez, eta bestalde, eraikinaren irudi simetrikoa indartuko du. Gainera, solairu esanguratsu horretan jatetxe bat jartzeko aurreikuspena egin da.Beirazko bolumen berriaz gain, eraikinak tailatuan dauzkan lau hutsune laukietan ere, eraikinaren barrura argia barreiatzeko zein energia baliabideak ustiatzeko balioko duten panelak jarriko dira.

Inguruari gehien eragingo dion aldaketa eraikinaren iparraldean egingo dela azaldu du Jon Monterok. Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, gaur egun Donostiako Renfeko geltokia eta Egiako auzoa batzen dituen lurpeko pasabidea guztiz birmoldatuko da eta ondorioz, 25 bat metroko zabalera izango duen pasabidea egingo da, behin trenbideak pasata aire zabalera irekia izango dena eta Blas de Otero plazaren moldaketarekin batera, loggia bat osatuko duena. Hala, Tabakalerako sotoaren mailan egongo den plaza hiritar berri horrek eraikinera sartzeko beste sarbide bat ahalbidetuko du. Sarrera berri hori orain sarrera nagusia denarekin komunikatuta egongo da eraikinak berak barruan izango duen plazaren bitartez. Iñaki Galarraga Tabakalerako arkitektura zuzendariak jakitera eman duenez, Montero arkitektoek inguru horretarako egindako proiekzioa proposamen bat da, izan ere, egikaritza plana Tabakaleraren lurretatik haratago doa (pasabidearen 25 metroetatik 17 bat lirateke Tabakaleraren lurretan egitekoak), eta ondorioz, egitasmo hori aurrera eramateko Donostiako Udalarekin akordioa lortu eta beste lehiaketa bat burutu beharko da.

Tabakalerako eraikin eraberrituak gaur egun duen sarrera nagusia mantenduko du, baina alderdi horretan ere izango da aldaketarik. Alde batetik, ate nagusiaren aurrealdea errepidearen mailara berdinduko da, eraikina eta errepidea banatzen dituen harresia bota egingo da (zati bat utzita oroigarri gisa) eta atearen mailara igotzeko malda bat edo eskailerak jarriko dira.

Orain arte aipatutako bi sarbideei hirugarren bat ere batuko zaie, eraikinaren mendebaldetik, Urumea ibaiaren aldetik, lehenengo solairura zuzenean joango dena. Kasu honetan, Monterotarren proiektuak trenbidearen gainetik igaroko den pasabide bat aurreikusten du.

Eraikinaren barruko ekipamenduen gaineko ezaugarri gehiago aurrerago azalduko dituztela jakinarazi dute arkitektoek, baina aipatu dute 100 eta 400 pertsonarentzako lekua izango duten bi zinema areto eta auditorio bat izango dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.