«Bizitzara bultzatu nahi du ikuslea, eta ez lekuko izatera». Hala deskribatu zuen Oteizaren asmo zinematografikoa Jorge Grau zinemagileak. Handia zen asmoa, eta eskutik zihoazen ezinbestean utopia eta porrota. Ordurako bukatutzat jotzen zuen Orioko artistak bere asmo esperimentala. 1959an utzi zuen eskultura, eta 60ko hamarkadan hasi zen zinemara hurbiltzen. Acteon izendatu zuen bere lehen filma. Eskultura gisa deskribatu zuen. «Ez da nire lehen filma izango, nire azken eskultura baizik, edo, hobeto uler dadin, errepikatu dudan nire azken eskultura, bestela». Gidoia egin zuen, eta, Grau laguntzaile hartuta, hasi ere egin ziren proiektua bideratzen. Ez zen gauzatu, ordea, eta arrastoak baino ez daude egun: gidoia, apunte estetikoak eta artistaren hitzak. Horiek aztertu ditu Oteiza Museoak argitaratu eta Santos Zunzunegik koordinatutako liburuan: Oteiza y el cine (Oteiza eta zinema).
«Oteizaren estetikaren parte da porrota», azaltzen du Zunzunegik. «Bada Oteizak beti porrota bilatzen zuela dioenik. Nik ez nuke hori esango, baina egia da ezinezkoa dela Oteizaren estetika ulertzea, porrotaren garrantzia kontuan hartu gabe». Samuel Becket idazle irlandarraren hitzak hartzen ditu Zunzunegik oriotarraren hutsak azaltzeko. «Saiatu. Porrota. Ez dio axola. Berriz saiatu. Berriz porrota. Porrot hobea». Oriotarraren eta zinemaren artekoaz ari da. Acteon proiektuaz. «Aurre ikus zitekeen porrota izan zen. Baina oso porrot duina, emaitzak oso mugatuak izan baziren ere, ahaleginaren handitasuna ahaztu ezin dugulako».
Fikzioko film luze bat egitea zen Oteizaren asmoa, eta Juan Uharteren babesean sortutako X Films ekoizpen etxeak ekoitzi zuen. Baina, azkenean, kale. «Oteiza bere asmo esperimentala zinemara itzultzen saiatu zen, baina oso konplexua zen haren hutsuneari buruzko gogoetako filmetara apliktzea», dio Zunzunegik. Eta ez zen zailtasun bakarra izan. Filmaren prestaketan ere nabarmena zen tentsioa artistaren eta produkzio lanetan zebilen Grau zinemagilearen artean. Filmari buruzko bere ikuspuntua zuen bakoitzak, eta, amaierarako, urriak ziren topalekuak. Grau izan zen, azkenean, Oteizaren asmoa hartu, moldatu eta film bihurtu zuena. Acteon heldu zen, beraz, aretoetara, baina ez zen Oteizaren Acteon izan.
Intuizioa eta sena
Ahalegin horren aztarnek osatzen dute filma, halere. Gidoiak eta filmean parte hartuko zuen talde osoarentzako estetikari buruzko testu batek, Estética de Acteon izenekoak (Acteon-en estetika). Sekula argitaratu gabeak ziren biak, eta haien garrantzia azpimarratzen du Zunzunegik. «Nire asmoa ez da izan Oteiza eta zinemari buruz arituko ziren hamaika adituren iritzia biltzea. Oteizaren testuei eman nahi nien protagonismoa. Horregatik gune zentrala dute haren testuek lan honetan. Haren bihotza dira». Zunzunegiren, Paulino Viota zinemagilearen eta Jenaro Talens literatura adituaren testu banak osatzen dute liburua.
«Oteizaren zinemari buruz zuen jakintza ez zen sakonegia, eta intuizioz jokatu zuen», azaltzen du Zunzunegik. «Oso intuizio ona zuen, noski. Azken finean, estetika orokorraren mundutik zetorren. Oso gogoeta sakona zuen, eta oso idazle ona zen. Berak idatzi zuen Quosque Tandem...! liburua, eta, nire ustez, hori da gazteleraz estetikari buruz inoiz kaleratu den libururik onena». Oteizaren ikuspegia da klabea: «Oso nahasketa bitxia ematen da harengan. Badauka formalismo ukitu bat, baina baita esistentzialista puntu bat ere. Heriotzak sortzen duen antsietateari aurre egiteko beharrari arteaz erantzuteko asmo bat».
Ihesbiderik gabe
Bazuen sena Oteizak. Baita, noski, estetika propio bat ere. Aspertu zen zain egoteaz, eta ikuslearen bila abiatu zen Oteiza aretoetan. Hala azaltzen du Quosque Tandem...! liburuko 88 zenbakiko testuan. «Zinea, gainontzeko arte guztien gainetik (ai, Irungo zinekluba). Umetan hondartzako zuloetan ezkutatzen garen bezala ezkutatzen da gizakia zineman. Bere errealitateaz ihes egiten saiatzen dabilen gizaki garaikidearekin ez dago elkarrizketa aukerarik. Eskulturan haren zain egonez gero, ez da etortzen... Nobelan haren zain egonez gero ere, ez da sartzen. Baina ihesean dabilen gizakia, zinema aretora sartzen da. Beharrezkoa da gizakia».
Ihesbide hori itxi nahi zion Oteizak. Askapena eskaini, artearen bidez. «Noiz ohartuko gara arteak ez duela mundua eraldatzen, artea ez dela iraultzailea, eta artearen bidez iraultzarako eraldatzen den gizakiaren ekintza iraultzailea soilik dela benetako errealitate iraultzaile bakarra».
Utopia berriz, eta porrota. Berriz ere Becket: «Berriz saiatu. Berriz porrota. Porrot hobea».
Utopia eta porrota
Oteizaren eta zinemaren arteko harremana aztertzen duen liburua kaleratu du Oteiza Museoak, Santos Zunzunegik koordinatutaOrain arte sekula argitaratu gabeko 'Acteon' film luzearen gidoia da lanaren ardatza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu