Bere garaiko musikan maila gorenean ibili bazen ere, haren obra ez da askorik ezagutarazi bere sorterrian. Berrehun piezatik gora utzi zituen idatzita Valentin Zubiaurrek (Garai, Bizkaia, 1837-1914): operak, zarzuelak, musika erlijiosoa, orkestrarako obrak, ahots taldeentzat sortutakoak, ganbera, piano edo organokoak sortu zituen, baita euskarazko hainbat lan esanguratsu ere. Horregatik, Euskal Konpositoreen Bildumako 13. diskoa Zubiaurreri eskaintzea erabaki du EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Euskal musikagileen lanak «berreskuratzea» da bildumaren xedea, eta konpositorearen lau lan grabatu ditu orkestrak diskorako, Juan Jose Oconen zuzendaritzapean.
Erroman eta Madrilen eman zituen bere bizitzako urterik gehienak Zubiaurrek, eta ibilbide oso emankorra osatu zuen. Madrilgo kontserbatorioan ikasi zuen konposizioa, eta 1873an Espainiako Arte Ederretako Akademiaren Erromako egoitzako merituko lehen musikari pentsiodun izendatu zuten. Urte hartan idatzi zuen Ledia, Bizkaiko herri batean kokatu zuen drama lirikoa. Opera Espainiako Errege Antzokian estreinatzea lortu zuen Zubiaurrek, bertan konpositore italiarren lanak baino taularatzen ez ziren garaian. Opera horren preludioa grabatu du orkestrak diskorako.
Hurrengo urtean beste opera bat estreinatzera Errege Antzokira itzuli zen Zubiaurre. Madrilen irakasle izan zuen Hilarion Eslavaren omenez 1869an idatzitako Don Fernando el emplazado taularatu zuen, hiru ekitaldiz osatutako drama lirikoa hori ere. Opera horren preludioa ere grabatu du orkestrak diskorako.
Bi lan sinfoniko
Erroman pasa zuen denboraldia, eta, bereziki, 1874. urtea garrantzi handikoa izan zen Zubiaurreren ibilbidean. Urte hartan idatzitako beste obra bat interpretatu du orkestrak diskorako: Sinfonía en Mi izenekoa, musikagileak idatzitako sinfonia bakarra. Diskoa borobiltzeko, Zubiaurreren partitura maiteenetako bat aukeratu du orkestrak, bere jaioterriari eskaini zion Ecos de Oiz (1889) lan sinfonikoa. Roman Jablonski biolontxelo jotzailea aritu da bakarlari pieza horretan. Haren hitzetan, «oso profesionalki idatzitako lana da, oso erromantikoa, eta euskal konpositore askoren lanetan bezala, frantziar eraginak ikusten ditut».
Diskorako orkestra zuzentzeko deitu ziotenean, Zubiaurreren lanak aztertzen hilabete eman zuen Oconek, eta «harrituta» geratu zela dio. «Hemen ezagunak ez ziren datu ugari jaso nituen». Haren hitzetan, «konpositore klasikoa da argi eta garbi, baina kolore erromantikoetara garamatzaten ukitu musikalak dituena. Pertsona oso sentibera zen, eta beregan irudimenak eta antzerkiak zuten pisuak sinfonismo hutsetik eta garai klasikotik urruntzera behartu zuen». Bere piezetan biolinei ematen dien nagusitasuna nabarmendu du Oconek, eta EOSek haren lanak berreskuratzeagatik«euskal herritarrak eta kultura maite dutenak zorionekoak» direla esan du. «Sinfonia berri bat jaio da, eta harribitxi bat daukagu».
Bildumako 13. diskoa
Euskal konpositoreen obrari eskainitako bildumaren lehen diskoa 1997an kaleratu zuen EOSek, Jesus Guridiren piezekin.Ordutik hona, besteak beste, Francisco Escudero, Andres Isasi, Pablo Sorozabal, Aita Donostia, Aita Madina, Juan Crisostomo Arriaga, Luis de Pablo edo Beltran Pagolaren lanak grabatu dituzte.
Bildumarekin jarraitzeko asmoa agertu du Iñigo Alberdi EOSeko zuzendariak. Hurrengo diskoak Pedro San Juani eta Karmelo Bernaolari eskainiko dizkiete.
Valentin Zubiaurre konpositorearen obra «berreskuratu» du EOSek
Euskal Konpositoreen Bildumarako lau pieza grabatu ditu orkestrak, Juan Jose Oconen zuzendaritzapean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu