Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Rekalde bekari esker, Zuhar Iruretagoiena artistak (Zarautz, 1981) hiru hilabete emango ditu Hendaiako Nekatoenea-Domaine D'Abbadia zentroan Vejaciones sortzen, bideogintza, eskultura eta musika uztartuko dituen instalazio artistikoa. Lan horrekin, «izan nahi duguna izatearren ametitzen ditugun laidoak eta tratu txarrak» irudikatzeko asmoa du. Eric Satie musikagilearen pieza baten izenburutik hartu du bere lanarena Iruretagoienak.
Irailaren 26tik abenduaren 18ra bitartean sei mila euroko diru laguntza jasoko du Iruretagoienak —etxebizitza, ikasketa, bidaia eta mantenu gastuei aurre egiteko—, eta obraren ekoizpenerako aparteko laguntza ere emango diote. Epe horretan, artista Hendaiako Nekatoenea etxean biziko da, eta 36 metro koadroko lantegi artistikoa erabiltzeko aukera ere izango du.
CPIE-Littoral Basque erakundeko eta Bilboko Rekalde aretoko ordezkariek osatutako epaimahai batek aukeratu du artista, deialdi publikora aurkeztu ziren hamabost hautagai baino gehiagoren artean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak antolatutako Artista Berrien Lehiaketaren bi irabazleetako bat izan da Zuhar Iruretagoiena aurtengo ekitaldian, Gazte, zoriontsu eta burugabe... ziur aski lanarekin. Duela bi urte Ertibil Bizkaia artista gazteen erakusketa ibiltarian lehen saria irabazi zuen.
'Vejaciones' sortuko du Zuhar Iruretagoienak, Rekalde bekaren laguntzaz
Hendaiako Nekatoenea etxean biziko da hiru hilabetez, laidoei eta tratu txarrei buruzko instalazioa gauzatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu