Badira berrogei urte Esther Ferrer (1937) Parisen bizi dela, eta batez ere performancean egin duen lana aitortu zaio Europan, Latinoamerikan eta baita AEBetan ere. Hartara, hainbat sari irabazitakoa da; besteak beste, Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala (2008) eta Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea saria (2012).
2002an sortu zen Velazquez saria, eta, Miguel Angel Recio epaimahaiburuaren esanetan, Ferrerrek askatasun esparru gisa defendatu izan du beti artea: "Bere ibilbide luzeari eta azkeneldian egin dituen lanei erreparatuta, ikus daiteke sorkuntzarekin eta inguratzen duen gizarte garaikidearekin konprometitutako artista dela". Besteak beste, Antoni Tapiesek (2003), Antonio Lopezek (2006), Luis Gordillok (2007) eta Doris Salcedok (2010) irabazi dute saria.
Azken asteetan bi artistak uko egin diote Espainiako Gobernuak banatutako Velazquezen pareko bi sariri, Madrilek, besteak beste, artearekiko erakusten duen jarrera dela-eta: Colitak Argazkilaritza Sari Nazionalari, eta Jordi Savallek Musika Sari Nazionalari.