Diego Matheuz. Orkestra zuzendaria

«Venezuelako musikarion gakoa diziplina eta pasioa dira»

Jose Antonio Abreuk Venezuelan sortutako musikarien harrobiaren fruitua da Diego Matheuz zuzendaria, eta Euskal Herrian estreinakoz arituko da EOSekin.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Venezuelako musikari gazteen harrobiak emandako harribitxi distiratsuetako bat da Diego Matheuz (Barquisimeto, 1984). Biolin jotzaile gisa eman zituen lehen pausoak, Jose Antonio Abreuk aurkitu zuen arte. Abreu maisuak bihurtu zuen orkestra zuzendari, eta Claudio Abbadok mundu osoan ezagutzera eman zuen. Soilik 27 urte ditu, baina Europako orkestra esanguratsuenetakoak zuzendu ditu, hala nola Mozart Orkestra eta Santa Zezilia Akademia Nazionaleko Orkestra. Matheuzen lanik aipagarriena Veneziako La Fenice aretoan egindako Rigoletto opera da.

Euskal Herrian lehenbizikoz arituko da, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Venezuelan ezagutu duenaren oso bestelakoak dira bai lurraldea eta bai orkestra, baina soinu berriak ikasteko irrikaz ekin dio erronkari. Mario Lavista mexikarraren Tres cantos a Edurne obraren erabateko estreinaldia eskainiko dute, Camille Saint-Saensen biolara moldatutako opus 33 kontzertuarekin eta Nikolai Rimski-Korsakoven Sherezade opus 35 suite sinfonikoarekin batera. Emanaldi hauek eskainiko dituzte: bihar, Bilbon; hilaren 16an eta 19an, Donostian; hilaren 17an, Gasteizen; eta hilaren 18an, Iruñean.

Zer dauka Venezuelak hain denbora gutxian Gustavo Dudamel eta zu zeu bezalako musikari gazte eta apartak mundu osoan ezagutarazteko?

Abreuk duela 37 urte hasitako proiektu erraldoiaren fruituak gara. Maisuak harrobia sortu zuen Venezuelako musikari gaztetxoekin, eta gogor egin du lan gu guztiok ditugun ahalmenak azaleratu ditzagun. Urte asko daramagu lanean, baina fruituak duela gutxi hasi dira heltzen. Abreuren proiektuak helburu soziala du, eta gure kabuz musikaren munduan sartzeko aukerarik ez dugunoi ateak ireki dizkigu. Hasiera batean soilik proiektu soziala izan arren, maila musikal oso handia bereganatzea lortu dugu, eta, horri esker, gaur egun orkestra, bakarlari eta zuzendari apartak ditugu herrialdean.

Musika klasikoak garrantzia hartu al du Venezuelan?

Harrigarria da, baina, beisbolarekin batera, musika klasikoarekiko zaletasuna izugarri hazi da Venezuelan urte gutxitan. Musika klasikoaren urrezko garaia da bertan. Aipatzekoa da gero eta jarraitzaile gazteagoak ditugula, eta emanaldiek erabateko arrakasta izaten dute: areto guztiak betetzen dira. Dena den, Abreuren proiekturik gabe, ezinezkoa litzateke gaur egun herrialdean dugun orkestra sarea.

Bertako Simon Bolivar orkestra sinfonikoa nazioartean ezaguna da lan egiteko zorroztasunagatik eta agertokian ezarritako pasioa eta energiagatik. Venezuelako musikariek Europakoek baino maila hobea al dute?

Hobeak ez dakit, baina perfekziora iristen saiatzen gara egunero, hori ezinezkoa dela jakin arren. Venezuelako orkestren ezaugarri indartsuena diziplina da. Txikitatik etengabe eta oso gogor lan egitera ohitu gaituzte, egunean zazpi eta zortzi ordu bitarteko entseguak eginez. Abreu maisuaren filosofia: lana, lana eta lana da. Horrekin batera, venezuelarrak saiatuak garela uste dut; etengabe hobetzea bilatzen dugu. Hala ere, lana ez da gure gaitasun bakarra; odol latinoa berehala nabari zaigu, musika maitasunarekin eta pasio handiarekin interpretatzen baitugu.

Europako zuzendariek Hego Amerikan hezitako musikari gazteengana jotzen dute gero eta gehiago. Gaitasun hobeak al dituzue?

Ez, norberak erabakitzen du noraino iritsi nahi duen. Ni ustekabez hasi nintzen zuzendaritza ikasten; egun batean Abreuk zuzendaritza gustatzen ote zitzaidan galdetu zidan, eta hurrengo egunean bertan ikasteari ekin nion. Orain dela zazpi urte gertatu zen hori, baina ez diot lan egiteari utzi egun bakar bat ere. Zuzendariaren instrumentua orkestra da, eta soinua sortzearen sentsazioa da miresgarriena.

Europan zehar itzulia egin duzu hainbat orkestrarekin, eta Italiako agertokiak ezagutu dituzu. Musika ezberdin bizi al dute hemengoek eta Venezuelako herritarrek?

Bai, dudarik gabe. Musika klasikoa Europatik iritsi zitzaigun guri, baina orain, venezuelarrek musika egiteko dugun metodoa ikasten hasi dira Europan, eta hori oso polita da. Musika ikasteko modua da gehien bereizten gaituena; Europan, ikasle batek denbora asko itxaron behar du orkestra batekin aritu arte, baina Venezuelan lehen egunetik hasten gara. Horrek haurridetasun sentsazioa sortzen du, eta lan egitea errazagoa da. Uste dut mundu guztiak ikasi beharko lukeela taldean lan egiten, ez bakarrik musikaren munduan; gaur egungo gatazka gehienak elkarri ez entzuteagatik sortzen dira. Txikitatik elkarlanean lan egitea irakastea garrantzitsua da, eta fruitu apartak ematen ditu.

Lehenbizikoz ezagutu duzu Euskal Herria eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Orain arte ezagututako orkestren bestelakoa al da?

Orkestra guztiak dira ezberdinak; bakoitzak soinu propioa dauka. EOSek duen soinua ikasten ari naiz oraindik, baina orkestrak maila handia eta indarra duela ikusi dut. Esperientzia ederra izan da, baita arraroa ere, hemengo musikariak ezagutu arren, herrialdean nagoen lehen aldia delako, eta banuen gogoa.

Eskainiko duzuen programan Mario Lavista mexikarraren obra estreinatuko duzue.

Bai, hala da. Lavistaren obrak Amerika eta Europa batzen ditu; zoragarria da. Erabat ziur nagoEOSek emanaldi bikaina eskainiko duela.

Soilik 27 urte dituzu, baina Dudamelekin batera hazi zara, Abreu izan da zure maisua eta Abbado zure aitabitxia musikan. Nolakoa da zuzendari handienek inguratua bizitzea?

Handiak eta boteretsuak dira agertokian, baina eguneroko harremanetan oso umilak eta adeitsuak dira. Izugarrizko errespetua eta miresmena sentitzen dut haien aurrean egonda, baina familiakoak balira bezala ikusten ditut, oso gaztetatik nire ondoan egon direlako.

Zein da irakatsi dizuten gauzarik baliotsuena?

Umiltasunez egin behar dela lan. Gutxirekin emaitza bikainak jasotzea da Abbadoren bikaintasuna, eta hori bilatzen dut nik ere. Egunero begiratuz, musikarengandik duten maitasuna ikasten saiatu naiz.

Munduko zuzendari gazteenetakoa zara, baina agertoki garrantzitsuenetan aritzea lortu duzu. Gorago iristea irrikatzen duzu?

Hasi besterik ez dudala egin uste dut. Nire ametsik handiena musikaren munduan bizitza guztia igarotzea da, eta maisuen antzera, 70-80 urterekin musikarekin lan egiten jarraitzea, nire pasiorik handiena delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.