Viceko Musika Azokaren balorazio ona egin du euskal ordezkaritzak

MIKEL LIZARRALDE - DONOSTIA
2003ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Hainbat musikariren kontzertuak euriagatik bertan behera gelditu diren arren, Viceko Mercat de de la Musican (Katalunia) parte hartu duen euskal ordezkaritzak aurtengo azokaren balorazio ona egin du.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak abian jarritako Euskadiko Soinuak egitasmoari esker, sei disketxek, hiru jaialdiren antolatzaileek, hainbat management enpresak eta Entzun aldizkariak ordezkaritza bidali dute Vicera, eta horretaz gain, Miren Aranburu Ensemblek, Juan Mari Beltranek, Mikel Urdangarinek, Tapia eta Leturiak, Mizturak, Rogelio Botanzek eta Ados taldeak kontzertuak eskaini dituzte ostegunetik igandea bitartean. Xabier Montoia eta Ortophonk Gasteizko taldearen emanaldiak ere iragarrita zeuden larunbaterako, baina egun horretan izandako euri zaparradaren eraginez, bertan behera gelditu ziren kontzertuak. Dena dela, Imanol Arana Euskadiko Musikak erakustokiko ordezkariak azaldu duenez, «azokako zuzendaritzak agindu digu hurrengo urtean joko dutela». Azokan ehun bat kontzertu zeuden iragarrita, eta horietatik bederatzi euskal musikarienak izatea «ontzat» jo du Aranak: «Musika programazioa kalitatezkoa da, eta ordezkaritza handia izatea euskal musikaren kalitatearen isla da».

Profesionalen azoka

Kontzertuek pizten dute Vicen biltzen diren milaka lagunen interesa, baina Mercat de la Musica profesionalen azoka ere bada. Aranaren iritziz, «garrantzitsua da Vicen izatea, hau delako era honetako azoka bakarra estatuan. Baina egia da, halaber, merkatua oso lotua dagoela Kataluniari, eta azken urteotan ez dela aldaketa handirik izan». Hain zuzen ere, beste batzuen gainetik, Kataluniako kultur teknikariek erakutsi dute aurten ere euskal ordezkaritza osatzen zutenekiko interesa: «Batzuen iritziz, ez da nahikoa, baina guretzat garrantzitsua da, Katalunia gertu dugulako».

Antolatzaileek adierazi dutenez, 100.000 lagunetik gora bildu dira Kataluniako herrian egunotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.