WestKunst erakusketa atzo inauguratu zuten Bilboko Windsor Kulturgintza arte galerian, eta urriaren 15era arte egongo da ikusgai. Xabier Sainz de Gorbea Arte Ederretako irakaslea eta galerista da erakusketako komisarioa, eta han EHUko Arte Ederretako ikasleen lanak bildu ditu. Urtero bezala, galeriak lekua eman nahi izan die hasiberriei, haien lana «zabaltzeko» eta «promozionatzeko». Aurtengoan hamar artistaren lanak ikus daitezke, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, obrek «hainbat kontzeptu eta prozedura» darabiltzate. Argazkigintza, pintura, grafitia, eskultura, bideoa eta instalazio lanak ikus daitezke.
Tamara Garcia, Abian Gonzalez, Kemen Iruretagoiena, Maite Leyun, Jaime Mañas, Ester Pastor, Igor Rezola, Sandra Rilova, Marta Rubio eta Augusto Sanchezen lanek munduari eta arteari buruzko oso begirada pluralak eskaintzen dituzte, baina, hala ere, «mendebaldeko begiradak» garrantzi handia du guztiengan.
Oihala, zeramika, paperezko xingola, bonbillak, landareak, oleoa eta argia dira, beste batzuen artean, artistek beren unibertso pertsonalak sortu eta kezkatzen dituzten gaiak azaleratzeko erabili dituzte bitartekoak. Lanen artean bereziki nabarmentzen da Jaime Mañasek «bihotza lapurtzeagatik» Igor Rezolari jarritako salaketa. Artista izateaz gain, abokatua ere bada Mañas, eta laguna salatu zuen Getxoko epaitegian bihotza lapurtzea egotzita. Salaketaren egiaztagiriak zabaldu eta ixten du erakusketa; oso testu poetikoa da, eta berehala gogoeta egitera eramaten du irakurlea. Mañasek azaldu duenez, lan horrekin salatu nahi izan du kalte inmaterialen zigorgarritasuna oso txikia dela materialen aurrean. «Askotan badirudi zigorgarriagoa dela zentimo batzuk lapurtzea, bihotza lapurtzea baino». Horrekin batera, artistaren beste lan bat dago ikusgai: bere bizitzako hamalau pertsonak berari hartutako 70 argazkiekin sortutako Autorretrato lana.
Kemen Iruretagoienak paperezko zinta txirikordatuz sortutako eskultura materiala lantzea du helburu. «Niretzat garrantzitsuena zera da, horren laua den materialetik tolesturak eta zuloak sortzea; horrek sentsibilitatea transmititzen dit. Lanak jendea gurutzatzean sortzen diren hartu-emanak irudikatzen ditu».
Beste batzuen artean, Ester Pastorren oihalezko lanek «giza gorputzera» eta «aberetasunera» eramaten gaituzte, Sandra Rilova eta Augusto Sanchezen margoak kanpoko eta barneko bizitzaz mintzatzen dira, eta Tamara Garciaren argazkiek ironiaz hartzen dituzte emakumeon sexualitatea eta gorputza, ikuspegi feminista batetik.
'WestKunst', hamar artista hasi berriri ateak zabalduz
Bilboko Windsor Kulturgintzan EHUn ikasitako sortzaile gazteen lanak ikus daitezke urrira arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu