Zinema

Willem Dafoe aktorea, Donostiako 68. Zinemaldiaren karteleko irudian

Kartel ofizialak aurkeztu ditu jaialdiak, eta aktore estatubatuarra da aurtengo ikur nagusia. Donostiako Patio estudioak diseinatu ditu kartel guztiak, lorategiaren ideia oinarritzat hartuta.

Willem Dafoe ageri da aurtengo kartel nagusian. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Ainhoa Sarasola.
2020ko uztailaren 17a
14:00
Entzun

Willem Dafoe (Appleton, Wisconsin, AEB, 1955) aktore estatubatuarra ageri da Donostiako 68. Zinemaldiko karteleko irudian. 2018an, kartelen diseinuan kontzeptu aldaketa bat jarri zuen martxan jaialdiak, eta aktore ezagunak izan dira ordutik festibalaren aldi bakoitzeko irudi nagusia. Isabelle Huppert aktorea izan zen 66. ediziokoa, eta Penelope Cruz iazkoa. Aurten, berriz, Dafoe aukeratu du jaialdiak, eta Donostiako Patio estudioak egin du kartela, Martin Schoeller argazkilariaren irudi bat oinarritzat hartuta. «Ohorea da Zinemaldiarentzat munduko aktorerik onenetako batek, zeinarekin urte askoan begikotasunezko harremana izan dugun, Donostiako 68. Zinemaldiaren irudia izatea onartu izana», adierazi du Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak, kartelak aurkezteko Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian. Ruth Perez de Anucita jaialdiko zuzendaritza batzordeko kidearekin batera egin du aurkezpena Rebordinosek, instituzio publikoetako eta jaialdiaren babesle diren erakundeetako ordezkariak bertan zirela.

Ibilbide luzea du Dafoek zinemagintzan, eta hainbatetan jaso du aitortza bere aktore lanarengatik. Lau aldiz izendatu dute Oscar saria irabazteko, eta hirutan Urrezko Globoa lortzeko. Besteak beste, honako zinemagile hauekin lan egin du: Michael Cimino, Martin Scorsese, Oliver Stone, John Waters, Paul Schrader, David Lynch, Alan Parker, Abel Ferrara, Lars Von Trier, Wes Anderson, Sam Raimi, Sean Baker eta Robert Eggers.

Donostiako Zinemaldiarekin, halaber, aspalditik du harremana. 1988an izan zen lehen aldiz jaialdian, The Last Temptation of Christ (Kristoren azken tentazioa, Martin Scorsese) aurkezteko. 1997an, berriro egon zen festibalean, Victory (Mark Peploe) filmarekin, Sail Ofizialean lehiatu zena. Eta 2005ean, Zinemaldiko ohorezko saririk garrantzitsuena jasotzera itzuli zen Donostiara. Izan ere, bere ibilbidearen aitortza gisa, Donostia saria eman zion jaialdiak. Saria emateko ekitaldian Before it Had a Name (Giada Colagrande) filma proiektatu zen. Orain arteko azken bisita 2014an izan zen, Abel Ferrara zuzendariaren Pasolini filmarekin (Perlak). Jaialdiko arduradunek oraindik ez dakite aurten aktorea Donostian egon ahal izango den, film bat grabatzen arituko baita jaialdiaren egunetan —irailaren 18tik 26ra bitarte egingo dute aurten—, eta, gainera, pandemiak eragindako egoeran, festibalera zein gonbidatu iritsi ahal izango diren ez baita ziurra gaur-gaurkoz.

Orain artean Zinemaldiak jakinarazi dituen aurtengo filmen artean dago Woddy Allenen Rifkin’s Festival, Donostian filmatutakoa; Sail Ofizialari hasiera emango dio, lehiaz kanpo. Donostia saria Viggo Mortensen aktore eta zuzendari estatubatuarrari emango diotela ere iragarri dute —ekitaldi horretan Falling filma proiektutako dute, Mortensenek zuzendari gisa ondutako lehena—. Halaber, Urrezko Maskorra irabazteko lehian arituko diren sei filmeren berri ere eman zuen jaialdiak orain aste batzuk: In the Dusk (Sharunas Bartas), Asa Ga Kuru / True Mothers (Naomi Kawase), Dasatskisi / Beginning (Dea Kulumbegashvili), Été 85 / Summer of 85 (François Ozon), Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around? (Takuma Sato) eta Druk / Another Round (Thomas Vinterberg). Datozen asteetan, pixkanaka joango da jaialdia egitaraua osatuko duten gainerako filmen berri emanez. Lan horien zuzendariak nahiz lantaldeko kideak Donostian egon ahal izango diren, baina, ezin da jakin oraingoz.

Lorategi bat

Aurtengo zinemaldiko kartelak diseinatzeko, gaztelaniazko esaldi batekin (huele a cine) hitz jokoa egin du Patio estudioak, eta lorategiaren ideia baliatu du guztiei «nortasun partekatu bat» emateko. Motibo organikoak eta begetalak nahiz kolorea dira nagusi irudietan, eta hala definitu dute estudioko kideek irudi sorta: «Lorategi handi bat bezalakoa [da], non era guztietako loreak, sentipenak eta usainak aurkitu ditzakezun; oso lorategi bizia, lore handiekin, film handiekin, baina baita handi bilaka daitezkeen film txikiekin ere».

Ernst Lubitschi eskainitako atzera begirako saileko kartela ere diseinatu zuen estudio horrek 2006an, 54. edizioan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.