William Douglass antropologo estatubatuarrak (Reno, 1939) jasoko du Durangoko Azokako Argizaiola saria abenduaren 6an egingo den ekitaldian. San Agustin aretoan egingo da gala, 20:30etik aurrera, eta Josu Camarak zuzenduko du.
Douglass Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko euskal immigrazioaren aditurik garrantzitsuenetarikoa da. Renoko Basque Studies Program-aren sortzailea izan zen, eta hiru hamarkadaz bertako zuzendari gisa jardun zuen, 2000. urtean erretiroa hartu zuen arte.
Ikerlari gisa aritu da bereziki, eta Ameriketako Estatu Batuetan euskal kulturaren aditu nagusitzat jotzeaz gain, bestelako arloak ere ikertu ditu: identitatearen mantentzearen auzia eta nazioarteko hainbat kulturaren historia eta migrazio mugimenduak, batez ere Euskal Herrian, Italian eta AEBetan.
Madrileko Complutense unibertsitatean gaztelera eta espainiar literaturako ikasketak egin ondoren, Euskal Herrira bizitzera etorri zen 1963an bertatik bertarako ikerketa lanak egiteko. Baserritarrekin hartu-emanean izan zen, eta Julio Caro Baroja, Xabier Amuriza eta Emilio Kortabitarte erretorearen adiskide bihurtu zen, besteak beste. 1967an gizarte antropologiako doktoretza lortu zuen Chicagoko unibertsitatean.
Ibilbide oparoa
20 liburu baino gehiago argitaratu ditu, eta 100 artikulu inguru. Bere lanen artean daude honako hauek: Death in Murelaga (1969), Amerikanuak, Basques in the New World (1979) —Jon Bilbaorekin elkarlanean—, Etxalar and Murelaga: opportunity and rural depopulation in two Spanish Basque Village (1977), Beltran: Basque Sheepmann of the American West (1979), Azucar amargo. Vida y fortuna de los cortadores de caña italianos y vascos en la Australia tropical (1966), Terror and Taboo. The Follies, Fables and Faces of Terrorism (1966) —JosebaZulaikarekin elkarlanean—, Global Vasconia: Essays on the Basque Diaspora (2007), Basque Culture: Anthropological Perspectives (2007) eta Terrorista nire baitan (2011).
Sari eta errekonozimendu ugari ere jasotakoa da. 1984ean Honoris Causa izendatu zuen EHU-k, 1998ean Ohorezko euskaltzain ere izendatu zuten, eta urte berean Lagun Onari saria eskaini zion Jaurlaritzak.
Eskozia izango da herrialde gonbidatua aurten. Ez da sarrera hitzaldirik izango baina Durangoko Azokak irauten duen lau egunetan hainbat ekitaldi izango dira herrialdearen inguruan.
Abenduaren 6an mahai-ingurua egingo da Eskoziatik Euskal Herrira: Europako autodeterminazio prozesuak gaiaren inguruan. 8an John Stewart gaita jotzaile eskoziarrarekin kalejira egingo da Durangon eta Catriona Lexy Campbell gaelikoz aritzen den idazle eta akoreak hitzaldia emango du.
Azoka abenduaren 5etik 8ra
Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra egingo da eta gaur goizean aurkeztu du Gerediaga elkarteak bertako egitaraua. Nerea Mujika elkarteko presidenteak jakinarazi du aurten 520.000 euroko aurrekontua izango duela azokak, iaz baino %10 gutxiago. Mujikaren arabera, "nekez" egin daiteke azoka profesional bat aurrekontu horrekin. "Egin egingo da hala ere, jendearen parte hartzeari esker". Mujikaren iritziz,; "euskal kulturak erakusleiho handi bat behar du. Erreferentziazkoa den azoka ezin da estu eta larri ibili".
Gerediagako presidenteak jakinarazi du laguntza publikoak %5 jaitsi direla eta ekarpen pribatuak beste horrenbeste. Espainiako Kultura ministerioak ez du eman laguntzarik. Iaz jaso zuen azokak Madrilen ekarpen bat