Azkena Rock

Woodstock, Mendizabalan

John Fogertyk maisuki ekarri zituen 1960ko hamarkadako soinuak Azkena Rockera. 18.700 lagun izan ziren jaialdiko lehen gauean: aspaldiko jardunaldirik jendetsuena izan da.

John Fogerty musikaria, atzo gauen Azkena Rock jaialdian eskaini zuen kontzertuan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2017ko ekainaren 24a
12:37
Entzun

Azkena Rock jaialdiak aspaldiko gaurik jendetsuena izan zuen atzo, aurtengo lehen jardunaldian. 18.700 ikusle bildu ziren Mendizabalako kontzertu eremura, neurri handi batean John Fogerty kartelburuaren emanaldiak erakarrita, eta Kaliforniako musikariak ez zuen hutsik egin. Gogotsu, hizlari eta sasoian, 1960ko eta 1970eko hamarkadak ardatz hartu zituen kontzertuan, soinu bikain baten laguntzarekin.

Gauerditik ordu erdi bat pasatuta atera zen Fogerty agertokira. Aurretik, 1969ko giro politiko, sozial eta musikala oroitzen zuten irudiak eta musikariaren gogoetak jarri zituzten agertoki nagusiko pantailetan. Agertokira atera eta Luisianako soinuetara begira jarri zen Fogerty, Born on the Bayou abestiarekin. 92 minutu iraungo zuen emanaldi baten lehen notak ziren.

Iragarrita zegoen bezala, Creedence Clearwater Revival taldearen errepertorio zabaletik tira egin zuen gitarra jotzaileak. Rockaren alderik ludikoenak bisitatu zituen Travellin’ Band eta Up Around the Bend klasikoekin, eta swamp rock urtegi kutsuko soinuetara itzuli zen Green River ezagunarekin.

Hasierako traba bakarra izan liteke emanaldiari kostatu egin zitzaiola erritmoa hartzea. Fogertyk gogora ekarri zuen Woodstockeko jaialdian gertatu zitzaiena, hitzaldi luze batean —eta ez zen jarraitzeko erraza izan, abeslariaren azentu itxia zela eta—. Funtsean, Grateful Dead taldekoen LSD bidaiak atzeratu zien kontzertua, eta horrek haserretu zituen garai horretan Creedencekoak. Ondoren, taldeko organo jotzaileak bakarkako akordeoi saio bati heldu zion, Who’ll Stop the Rain abestiari ekin baino lehen.

Kontzertuak aurrera egin ahala, etenaldiak laburtu egin ziren. Logikoak ere badira, kontuan hartuta 72 urte dituela Fogertyk, eta agertokian saltoka eta batera eta bestera ibili zela, ohiko alkandora koadroduna eta lepoko zapia jantzita.

Kontzertuan, Shane semea bidelagun izan zuen gitarrarekin. Bien artean, gitarra joko onak egin zituzten. Aparteko aipamena merezi du Kenny Aronoff bateria jotzaile boteretsuak. Familiak lagunduta egiten ari da bira aurten Fogerty. 15 urteko alaba bat du, Kelsy, eta hari aipamena egin zion Have You Ever Seen the Rain kantua aurkezteko.

Beste garai bateko abestientzat ere lekua egon zen. Blues Brothers taldearen New Orleans kantuaren bertsioan, publikoa abesten jarri zuen, eta Down on the Corner-ekin, berriz, dantzan.

Erlojuko orratzak ordu bietara hubiltzen ari zirela, azken traka piztu zuen Kaliforniako musikariak. I Heard it through the Grapevine luxuzko batek ireki zien bidea Fortunate Son, Rockin’ All Over the World, Bad Moon Rising eta Proud Mary laukoteari. Lipar batez, behintzat, Woodstockeko espirituak zirpiztindu zuen Arabako hiriburua, San Joan gau batez. «Agur, Gasteiz. Jainkoak gorde zaitzatela. Goiz ona izan», agurtu zen Fogerty, Gibson Les Paul gitarra eskuan. Ikusleak, errendituta.

Graveyard, indar gardena

Fogertyren aurretik eta ondoren, zer ikusi eta zer entzun asko egon zen agertokietan. Euskal Herritik abiatu zen jardunaldia, Fetitxeren eta The Soulbreaker Companyren kontzertuekin. Gasteiztarrek ohi duten indarra agerian utzi zuten berriro. Jaialdiari primeran egokitzen zaion soinua eta jarrera dute. Agertoki nagusian, The Shelters taldeak berotu zuen giroa, kutsu klasikoko rockaren bideetatik. 

ARFn aspaldiko ezagunak dira Cheap Trick. Soinuarekin arazoren bat edo beste izan zuten hasieran, baina laster gainditu, eta haien rock jostagarriarekin dibertitu ziren ikusleak. Robin Zander abeslaria ordezkatu, eta Tom Petersson baxu jotzaileak Velvet undergrounden I’m Waiting for the Man abestu zuen. I Want You to Want me, Dream Police eta Surrender klasikoak ez ziren falta izan, kontzertuaren amaieran.

Aparteko aipua merezi dute Graveyard suediarrek. Taldeak 1970eko hamarkadako hard rocka egiten du, 2006. urtetik. Emanaldi boteretsuak egin dituzte beti, baina soinua ere biribiltzeko gai izan dira. Mendizabalan indartsu aritu ziren, soinu garden batekin. 

Itxiera The Hellacopters taldearentzat izan zen. Iaz soinu baxuak kritika batzuk eragin zituen, baina aurten ez da horrelakorik izan. Bilkuran Dregen gitarra jotzailearekin ari dira, eta, horren ondorioz, taldearen garai zaharrenek akaso merezi baino leku gehiago hartu zuten kontzertuan. Amaiera ona jardunaldirako, edonola ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.