Donostiako Zinemaldiaren 52. ekitaldiak badu, hasi aurretik, hurrengo urteetan gogoratua izateko arrazoi bat. Izan ere, Woody Allenek zabaldu zuena izateagatik igaroko da Zinemaldiaren historiara. Zuzendari estatubatuarrak Melinda & Melinda bere azken filma estreinatuko du lehiaketatik kanpo, eta, bere ibilbidearen omenez, Donostia saria jasoko du gaur gauean, 21:00etan, Kursaaleko auditorioan egingo den hasiera ekitaldian. Horren osagarri, Allenen filmografiaren atzera begirako zikloa eskainiko du Zinemaldiak datozen bederatzi egunetan, hilaren 25era bitartean.
Allen gaur bertan helduko da Donostiara, eta bera izango da hasiera ekitaldiko izen nagusia, eta ia bakarra. Melinda & Melinda-ko bi aktore protagonista ere, Chloe Sevigny eta Amanda Peet, bertan izango dira. Pedro Almodovar zuzendari espainiarrak emango dio Donostia saria New Yorkeko zuzendariari. Hori izango da aurreko urteetako ekitaldien aldean gaurkoak izango duen berrikuntza bakarra. Gainontzean, gidoia ez da aldatuko: Zinemaldiko sail eta ziklo guztien gaineko azalpen labur bat eskainiko da lehenengo, epaimahaiaren aurkezpena egingo da ondoren, eta segidan Jean-Luc Godarden Notre musique filmeko ekoizleak, Ruth Waldburgerrek, Fipresci nazioarteko kritikaren elkarteak urteko film onenari emandako saria jasoko du.
Zuzendari ezagunak lehian
Gaurko ekitaldian ez bada, hurrengo egunetan izenez beteko da Zinemaldia. Izan ere, aurtengo sail ofizialeko filmen ezaugarrietako bat zuzendari ezagunek eginak izatea da. Michael Winterbottom ingelesa, Robert Guediguian eta François Dupeyron frantziarrak, John Sayles estatubatuarra, Victor Gaviria kolonbiarra eta Alfonso Aristarain argentinarra, besteak beste, Urrezko Maskorraren lehian izango dira. Horretaz gain, datorren astean beste bi Donostia sariak banatuko dira. Annette Beningek asteartean jasoko du, eta Jeff Bridgesek ostiralean. Oraindik jakiteko dago Warren Beatty ere etorriko ote den irailaren 11ko atentatuen ondorioz 1991n jaso gabe utzi zuen Donostia saria jasotzera Beningen senarra da Beatty.
Hurrengo orduetan iritsiko dira Donostiara M. Night Shyamalan eta Oliver Stone zuzendariak. The Sixth Sense filmaren egileak The village aurkeztuko du Belodromoan, eta Stonek Fidel Castrori buruz filmatu duen bigarren dokumentala, Looking for Fidel Comandante izan zen lehenengoa. Dokumentalen arloak pisu handiagoa hartu du egitarauan Zabaltegiko Bereziak sailaren sorrerarekin. Gainerakoan, azken urteetako ereduari eutsi dio Zabaltegi sailak, beste jaialdietan aurkezturiko lan nabarmenenak Vera Drake (Mikel Leigh) Veneziako Mostrako Urrezko Lehoiaren irabazlea,Diarios de motocicleta (Walter Salles), La demoiselle d'honneur (Claude Chabrol), Notre musique (Godard), Comme une image (Agnes Jaoui), Super size me (Morgan Spurlock) edota Shi mian mai fu (Zhang Yimou) eta zuzendari berrienak nahasiz Pablo Malo donostiarrak Frío sol de invierno aurkeztuko du. Woody Allenekin batera, Anthony Mann izango da beste atzera begirakoaren protagonista. Westernaren maisuaren filmografiaren zati handi bat telebistari esker aski ezaguna da ikusle askorentzat. Orain film gogoangarri horiek pantaila handian ikusteko eta hasierako lan ezezagunak deskubritzeko aukera izango dute Mannen jarraitzaile sutsuenek. Beste ziklo nagusiak, Incorrect@s izenekoak, eduki sexual, erlijioso, sozial edo politikoarengatik bere garaian eztabaida piztu zuten filmak bildu ditu. Hor ere ugariak dira zinemazaleari ezagunak egingo zaizkion filmak, baina badira hedapen txikia izan dutenak eta ezagutzea merezi dutenak ere: Jean Vigoren Zéro de conduite, Michael Mooreren Roger & me eta Woody Allenek telebistarako egin zuen Don't drink the water, kasu. Film horiek beren garaian sortutako polemika gaur egungo ikuspegitik aztertzeko aukera ere emango du zikloak. Gaztelaniaz egindako zinemari eskainitako Horizontes Latinos sailak, Belodromoko egitarauak eta Euskal Zinemaren Egunak osatuko dute Donostiako 52. Zinemaldiaren eskaintza. Sarrerak azkar saltzen ari dira, eta dagoeneko emanaldi askotarako sarrerak agortuta daude. Donostiako Zinemaldiak berriz jaso du herritarren babesa.
Woody allenek ireki zuenekoa
Zuzendari estatubatuarrak 'Melinda & Melinda' estreinatuko du, eta Donostia saria jasoko du gaurko hasiera ekitaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu