Woyzeck beltza

Agus Perez.
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Konpainia: Handspring Puppet. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Urriak 1.

Agus Perez

Gasteizko antzerki jaialdiaren lehen emanaldian Hegoafrikako konpainia batek aurkeztu digu Woyzecken istorioa. Woyzecken figura Georg Buchnerrek sortu zuen erromantizismoaren garaian, eta, ehun urte geroago, XX. mendeko espresionismoaren ikono bihurtu zen, haren ezaugarri psikologiko eta sozialek bat egiten zutelako alemaniar korronte estetikoarekin. Gainera, testua ez zen inoiz bukatu, eta horrek nahi adina aldaera sortzea ahalbidetu zuen geroan. Adibide bat jartzearren, bitxia da jakitea 1989an Alfonso Sastreren bertsio bat ikusi genuela Bilbon, Kike Diaz de Rada rol nagusian zegoela.

Hegoafrikarrek Highveld eskualdean kokatu dute pertsonaia, diamante meategiei aipu eginez eta jatorrizko soldadua hango meatzari beltz bihurtuta. Hortik aurrera, oso era librean landu dute argumentua, testuaren puntu nagusiak errespetatuz. Haien artean bereziki indartsua da Woyzeck zapalduaren estoizismoa, eta pertsonaiaren beste plano batzuek -jasaten dituen haluzinazioak eta emaztearekin duen harreman mingarria- gizakiaren irudi tormentatua marrazten dute.

Handspring Puppet konpainiak giza neurriko panpinak eta benetako aktoreak erabili ditu, eta atzeko pantailako marrazki bizidunek eszena bakoitzeko giroak eta Woyzecken pentsamenduak irudikatu dituzte. Panpinen erabilera librea ere eredugarria izan da, txotxongiloak eta euren erabiltzaileak benetako elkarlanean aritu izan balira bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.