Xabier Leteren omenezko kontzertua egingo dute apirilaren 16an, 21:30ean, Oiartzungo (Gipuzkoa) Elorsoro Kiroldegian. Hainbat musikarik hartuko dute parte Oiartzungo Udalak eta AM kultur promotorak antolatutako jaialdian: Antton Valverdek, Erramun Martikorenak, Pier Paul Berzaitzek, Arantxa Irazustak, Pettik, Oskarbik, Jon Bergaretxek eta Lartaun abesbatzak, besteak beste.
Bost hilabete eskas pasatu dira Xabier Lete poeta, idazle eta kantaria joan den abenduaren 4an hil zenetik. “Badakit bera ez zela horrelako gauzen zalea, baina oso berezia da guretzat Leteri eginiko lehen omenaldia bere herrian egitea”, esan du Aitor Etxebarria Oiartzungo Alkateak jaialdiaren aurkezpenean.
Sarrerak salgai daude dagoeneko, 10 eurotan, Oiartzunen, Errenterian, Hendaian, Lesakan, Irunen, Lezon, Hernanin, Tolosan eta Donostian. Servikutxaren bidez ere eros daitezke sarrerak Internet bidez. Dena dela, egunean bertan ere 12 eurotan salduko dituzte Elorsoro kiroldegiko leihatilan.