Ikerketa arkeologikoei buruzko liburuki bilduma baten aurkezpena zen berez atzo Donostian egindakoa. Horietako baten egilea da Xabier Peñalver, Praileaitzeko indusketen zuzendaria. Baina une honetan pil-pilean dago Debako (Gipuzkoa) Sasiola harrobiko aztarnategiaren afera. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak haren inguruko dekretu berri bat onartuko du. Horren arabera, aztarnategiaren babes eremua 50 metrotik 65era handituko litzateke. Eta atzo kritiko mintzatu zen arkeologoa: «Praileaitzen dekretua berria astakeria hutsa da. Orain hilabete, urte, batzuk ere, esan genuen 65 metrokoa zentzugabekeria zela». Arrazoiak eman zituen haren haserrea eta harridura adierazteko: «Ezin dugu ezagutzen dena soilik babestu galeria gehiago dagoenean sedimentu arkeologikoz gainezka». «Ezin gara horietara sartu, induskatu gabe daudelako». Horregatik, Jaurlaritzaren dekretua «astakeria hutsa» iruditzen zaio Peñalverri.
2007an onartutako dekretuaren babes eremua 50 metrokoa zen. Praileaitzen Lagunen eta Mutriku Natur Taldearen ustez, zabaltzea ez da aski izango. Ez daude konforme, baina aurreko dekretua baino «hobea» dela iruditzen zaie. Bai elkarte horiek eta bai arkeologoek babes eremua 100 metrokoa izan dadila exijitzen dute.
Hain zuzen, «boterera iritsi aurretik» Antonio Rivera Jaurlaritzako Kultura sailburuordea neurri horiekin ados zegoela, eta aurreko gobernuaren jarrera kritikatzen zuela salatu zuen Peñalverrek: «Ingurunea babesteari buruzko gure ideiak sostengatu zituen [Riverak].Unescoren teknikariak 500 metro eskatzen zituen... Eta boterera iristen dira, eta ezetz esaten dizute. Horregatik, txantxa bat dela esango banu, samurregia izango nintzateke. Ez, ez, astakeria bat da».
Leizezuloaren «garapena» ezagutzen dutela gehitu zuen, eta, suminduta, hau esan: «Ea ez den hala, baina egunen batean, harrobiko leherketa horietako batean, sedimentuz betetako galeria horietako batzuk aterako dira kanpora».
Dena den, Peñalver ez zen Praileaitzen dekretu berriak izan ditzakeen ondorioez hitz egitera mugatu. Penatuta agertu zen «egungo krisia gorabehera» indusketetarako baliabideen «beherakada progresiboa» dela eta. «Eta ez naiz hitz egiten ari diru kopuru handiez», gehitu zuen. «1985ean, Intxurren, Gipuzkoako Burdin Aroko aurreneko herrixkan induskatu genuen. Hilabete oso bat geneukan, eta 40 lagunek osatutako taldea. Egun, aldiz, Basagainen ari gara, beste herrixka batean, baina 15 egunez eta 15 taldeko lagun batekin». Eta segidan Gipuzkoako Foru Aldundiari kritika: «Azken urteetan indusketa arkeologikoen eremuak ixtea izan da haren politika. Eta indusketa horietatik ateratzen dugu ikertzaileok informazioaren oinarria». Emandako diru laguntzekin indusketak egitea «ia-ia ezinezkoa» da, Peñalverren iritziz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, hain zuzen ere, 100.000 euroko diru laguntza emango die aurten ekintza arkeologikoei; iaz baino 50.000 euro gutxiago, alegia. Joan den urtean, 40 jarduera arkeologiko egin ziren Gipuzkoan, eta guztira «hamar bat» izan ziren indusketak.
Datu horiek ikusita, Peñalverrek ez dauka zalantzarik: «Hemendik urte batzuetara ikerketa arkeologikoen beste bilduma baten enkargua egiten badute, osatzen dutenek, beharbada, gaur egungo liburuetatik kopiatu beharko dute. Martxa honetan...». Haren ustez «ikerkuntza» eta haren «jatorriak ezagutzea» gizarte baten alderdi ezinbestekoenetako batzuk dira.
Xabier Peñalver: «Praileaitzeko dekretu berria astakeria hutsa da»
Ikertzailearen ustez, ezin da ezagutzen dena soilik babestu «galeria gehiago dagoenean sedimentu arkeologikoz gainezka»Aztarnategiaren babes eremua 50 metrotik 65era handitzeko asmoa dauka Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu