Bertsolaritza

Xabier Silveira Nafarroako txapeldun, luzapenean

Seigarren txapela du. Julio Sotok eta biek saioa berdinduta bukatu dute, eta bien arteko saioa egin dute gero. Erika Lagomak eta Iñigo Olaetxeak ere lortu dute Euskal Herriko Txapelketarako txartela. Gaur Elizondon jende asko geratu da finaleko sarrerarik gabe, areto kanpoan.

Alberto Barandiaran.
2009ko martxoaren 21a
20:46
Entzun
Aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketak badu txapelduna: Xabier Silveira. Nafarroako seigarren txapela du. Ozta-ozta irabazi du, Julio Sotok eta biek luzapena jokatu behar izan dutelako, saioa puntutan berdinduta geratu ostean. Ondoren hiruna bertso kantatuz bien arteko saioa egin dute eta gero kartzelako gaian bina bertso abestu dituzte.

Silveirak eta Sotok ez ezik, Erika Lagomak eta Iñigo Olaetxeak ere Euskal Herriko 2009ko Txapelketarako txartela lortu dute gaur, hirugarren eta laugarren beraiek geratu direlako.

Bosgarrena Jon Barberena izan da, seigarrena Julen Zelaieta -iaz berak irabazi zuen txapelketa-, zazpigarrena Xabier Legarreta eta zortzigarrena Ander Fuentes Itturri.

Elizondon jokatu dute finala, arratsaldeko bostetatik aurrera, eta ezohiko irudia gertatu da: jende asko geratu da Lur aretora sartu ezinik, sarrerarik ez zutelako. Mila lagun sartzen dira aretoan.

33 urte ditu Silveirak eta Lesakakoa. da. 1997, 2004, 2005, 2006 eta 2007an irabazi zituen Nafarroako aurreko txapelak. Iaz atseden hartu zuen.

Sotok 22 urte dauzka eta Gorritikoa da. Iaz hirugarren bukatu zuen txapelketan. Lagoma (28 urte) eta Olaetxea (34) ere lesakarrak dira.

Urtarrilaren 31n hasi zituzten aurtengo Nafarroako Txapelketako saioak, eta gaur arte lau finalaurre eta hiru finalerdi jokatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.