Aurreneko txapela 1997an irabazi zuen lesakarrak, Sunbillan. 2004ean Lesakan, 2005ean Lakuntzan, 2006, 2007 eta 2009koak Elizondon, eta gaurkoa aurrenekoa du Iruñean, Anaitasuna kiroldegian. 1.500 bertsozale inguru batu ditu finalak, eta Bittor Elizagoien baztandarrak, 1994 eta 1999ko txapeldunak, jantzi dio txapela irabazleari. 588 puntu batu ditu Silveirak (1976), eta haren atzetik sailkatu da Julio Soto 2010 eta 2011ko garailea, 568 puntu pilatuta. Erika Lagoma izan da hirugarren (558 puntu) eta Eneko Fernandez laugarren (541,5 puntu). Datorren udazkenean jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako sailkatu dira laurak.
Bosgarren izan da Eneko Lazkoz (539,5 puntu), seigarren Jon Barberena (526 puntu), zazpigarren Oskar Estanga (506,5 puntu) eta azkena, berriz, Aimar Karrika (480,5 puntu).
Ez da ohikoena buruz burukorik ez jokatzea, baina epaileek erabakita zeukaten lehen bi bertsolarien arteko aldea 20 puntutik beherakoa baldin bazen soilik jokatuko zela.
Txapelketan jokatutako hiru saiok irabazi ditu Silveirak, nahiz eta ez final-laurdenetan eta ezta finalerdietan ere ez zuen puntuaketarik altuena lortu. Joan den otsailaren 2an, txapelketa abiatu zen egunean, Lizarran nagusitu zen, final-laurdenetan. Martxoaren 3an, berriz, Etxarri Aranatzeko finalerdian.
Finalaren atarian, bere helburua Euskal Herrikorako sailkatzea zela, eta finalerako "lasai, baikor eta pozik" zegoela adierazi zuen Silveirak.
Hona Silveirak agurrean kantatu duen bertsoa:
"Egoi, Arane, Jon eta Gaizka
aipatu nahiko nituzke.
Ama, izeba, Igoa
Erki, Esti ta hainbeste.
Musu haundi bat agur eta ohore
presondegi ta herbeste.
Zuei ere bai nafar euskaldun
su hau ez baita dena ke.
Beñat, itxoin ordubete
amets bat behar dut bete.
Baina Silveira goizero jasan
dutenak zuek zarete
zuentzat beraz, azken txapel hau
Solete eta Txabete”.