Xabier Terreros izan da garailea Nafarroako Bertsolari Txapelketako azkenaurreko finalaurrekoan, Lesakan. Terrerosen (344 puntu) ondotik, Aimar Karrika (336), Ander Fuentes (327), Julen Zelaieta (319,5), Kotte Plaza (315) eta Amaia Elizagoien (286) sailkatu dira. Irabazleak izan ezik, gainontzekoek saio gorabeheratsua egin dute, baina zenbait unetan denek jo dute goia, eta horrek bigarren finalaurrekoan puntuek gora egin izana eragin du. Lesakako Harriondo kultura etxean 270 bertsozale bildu dira. Azken finalaurrekoaren faltan, Julio Soto eta Terreros irabazleak, eta Karrika, Fuentes, Eneko Fernandez, Zelaieta eta Plaza dira finalean behin-behinean.
Saioari hasiera txukuna eman diote zortziko handian. Martxoaren 8a bera izan da gai aurreneko ofizioan. Bi emakume izan dira Fuentes eta Elizagoien. Korrika egiten hasi ziren euren herrian Lilatoia egiten hasiko zirelako. Lasterketa bukatuta kokatu ditu gaiak. Fuentesek gehiago asmatu du Etxegoienek baino, bertsoak goitik behera ekartzeko orduan. “Lortu nahi dugu egunen baten / guztion berdintasuna / egunez egun, pausorik pauso / lortu beharko duguna”, bukatu zuen bere bigarren bertsoa Fuentesek, eta “Goazen aurrera ta ahal baldin bada / gaur bezala disfrutatu” azkena.
Terrerosek umorera eraman nahi izan du ariketa bera, baina Zelaietak seriora bideratu dio. Bertsoaldi freskoa osatu dute, azkenean. Azken zortziko handian egin du pixka bat behera saioak. Karrikak eta Plazak ez dute jakin suhiltzaileen ahotik osatutako ofizioa bideratzen, akats teknikoak ere egin dituzte, eta Plazari azken bertsoko azken puntuak ihes egin dio.
Umorera
Zortziko txikiko ofizioekin umorera egin du saioak nabarmen. Terreros semeak hirugarren aldiz bikotekidearen izena tatuatuko zuen. Elizagoien amarekin ibili da horren harira eztabaidan. Bete-betean asmatu du Terrerosek lehen bertsoan: “Irati, Leire, Miren / ze beso zabala / ta ez ahaztu bertze / beso bat dudala”. Bertsoaldiak Terrerosen lehen bertso horretan jo du goia.
Fuentes eta Plazak aktoreen rola jokatu dute. Eszena bera grabatzeko egun osoa zeramatela, Fuentes berriz ere esaldi berean trabatuko zen. Ez dute hari argirik aurkitu azken bertsoetara arte, bere azken bertsoan Plazak ondoren oheko eszena zetorrela kantatu duen arte.
Zelaieta eta Karrikari egokitu zaie gairik bereziena: bikote heldua izanik, mendian elurra ikusi eta, gaztetan bezala, plastikoarekin joatea erabaki dute. Behin bertan egonda, Karrikak ez zuen jaitsi nahiko, eta horretarako gertu izango zen Zelaieta. Bertsoaldi bizia egin dute umore kolpe politekin. “Gora baino errexago / joango gara behera”, bota du aurreneko bertsoan Zelaietak. Orduan Karrikak zera gerta litekeela azaldu dio hatzekin zerua seinalatzen zion bitartean: “Beheraka ta beheraka / ta gora joatea”.
Gai sozialetara
Bikote izan dira Terreros eta Plaza ere hamarreko txikian. Plazak ondasunen banaketa egiteko proposatuko zion Terrerosi. Plazaren ofiziorik onena izan da azkena. Maitasuna buka litekeela kantatu du lehen bertsoan, eta galdera egin dio Terrerosi bigarrenean ea jarrera bera edukiko ote zukeen berak dauzkan milioiak edukiz gero.
40 urterekin eta langabezian ezaugarritu ditu Fuentes eta Zelaieta hamarreko txikiko gaiak. Foruzaingoan izena emateko 35 urteko adin muga kendu dutela-eta, Fuentesek aukera bat ikusi du hor; ez, ostera, Zelaietak. “Bertze bandora ez dut / pausorik emango”, bukatu du lehen bertsoa Zelaietak bertsoa egoki josiz. Bertsoaldi nahasi samarraren azkenetan, uniformeak inauterietarako direla aldarrikatu du Zelaietak. Sendagairik gabeko C hepatitisdunak izan dira Elizagoien eta Karrika. Ez dute jakin buruan zutena bertsoetara garbi eta argi ekartzen. Karrikaren azken bertsoa izan da argiena, osasuna negozio izatea ekidin beharra aldarrikatu duena.
Argazkietara
Karrika nabarmendu da lehen puntua emandakoetan, eta, oro har, lan ona egin dute lehen puntua emandakoetan. Bakarka aritu dira gero kartzelan. “Iraganeko argia begiratu duzu. Harro sentitu zara” izan dute kartzelan bakarkako gaia. Bakoitzak hari banari heltzea ahalbidetu du gaiak, eta askotariko bertsoaldiak entzun dira. Fuentesek AEKn irakasle hasi zeneko argazkia hautatu du. “Harro ni horrela / gaurkoa ikusiz sentitzen dut / merezi izan zuela”, bukatu du.
Bittor Elizagoien aitaren argazkia dela argitu du Elizagoienek ñabarduraz ñabardura, bere ariketarik finenean. “Azkenean, aita ta alaba / baina zerbait gehio gera / zurekin beti naiz pozik aita / ta hain gutxitan minbera / kontent aterako naiz bertsotan / ta bizitzan kalera / zure ondoan errexa baita / Bittor, itea aurrera”, borobildu du bertsoaldia aitari barrutik omenaldia eginez.
Lesakako lehen andre Zaku zaharra-rena izan da Terrerosen argazkia. “Beti hurbil zegoena / nik sentitu nuen urrun / baina bidean indarrez / pauso sendoz eta txukun. / Ordutik pasatu dira / zenbat urte? Zenbat egun? / Ea zubi gainean ere / fotoa ateratzen dugun”, kantatu du aldarri eginez bigarren bertsoaren azkenean.
Ikastolako argazkiari begira jarri da Zelaieta, eta hari begira harro sentitu: “Orduan lagun nituen haiek / oraindik lagunak dira”. Lehen bertsoan hobeto aritu da bigarrenean baino. Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zuen eguneko argazkia hautatu zuen Karrikak, ez lehen puntua emandakoetan besteko mailarekin. Plaza izan da azkena kartzelan, eta Jose Mari Bakero “munduko futbolari onena” izan da. “Etorkizun bat ez da eraikitzen / iraganari begira”, abestu du azken juzkuan.
Azken finalaurrekoa Burlatan izango da, datorren igandean, eta Aritz Saraguetak, Eneko Lazkozek, Miel Mari Elosegik, Oier Lakuntzak, Oskar Estangak eta Saioa Alkaizak kantatuko dute.