Xaho, Akesolo eta Celaya oroituko dira Euskal Herrian

Euskal kantagintza modernoaren eta Orixeren heriotzaren 50. urteurrenek ere izango dute oihartzunik

Juan Luis Zabala
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herriko kulturak ere izango du mendeurren esanguratsurik aurten, Agosti Xaho, Lino Akesolo eta Gabriel Celayarenak, besteak beste. Xahoren jaiotzaren bigarren mendeurrena hainbat ekitaldirekin ospatzeko asmoa du Xahoren Adiskideen Elkarteak, baina oraindik ere zehaztu gabe dago ekitaldien egitaraua. Akesolo eta Gabriel Celayaren mendeurrenak nola ospatuko diren ez da jakinarazi oraindik, baina kontu segurua da oihartzunik izango dutela. Urriaren 10ean izango dira 200 urte Xaho jaio zenetik. Akesolo eta Celaya, berriz, 1911n jaio ziren, apirilaren 7an eta martxoaren 18an hurrenez hurren.

Beste mendeurrenik ere izango da: Jose Antonio Arkotxa Atxukale, Gilen Epherre, Jon Beistegi, Jon Oñatibia eta Jose Basterretxea Oskillaso 1911n jaio ziren; 1811koak dira, berriz, Xaho ez ezik, Jean Baptiste Arxu eta Gregorio Arrue ere; Xabier Idiakez, 1711koa; Rafael Mikoleta, 1611koa. Hala ere, mendeurren horiek baino oihartzun handigoa izango du Nikolas Ormaetxea Orixe-ren heriotzaren 50. urteurrenak, Orixek XX. mendeko euskal literaturan izan zuen itzal handia dela eta. Jean Etxepare Landerretxe ere 1961ean hil zen.

Euskal kantagintza modernoaren 50. urteurrena gogoratzeko ekitaldirik ere izango da aurten, Mixel Labegerieren lehen lanak 1961ekoak direla aintzat hartuz. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak interesa izan dezaketen sektoreekin biltzeko asmoa du, ekitaldiak antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.