Xilaba Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia jokatuko da, bihar, Donibane Garaziko Vauban zineman (17:00). Odei Barroso, Sustrai Colina, Maddi Ane Txoperena, Maddi Sarasua, Egoitz Zelaia eta RamuntxoChritsyk kantutako dute, eta irabazlea finalerako sailkatuko da. Azaroaren 10ean jokatuko da Baionan, eta Amets Arzallus jada sailkatuta dago, joan den larunbatean Hendaian, lehen finalerdian, garaile izan eta gero.
Finalerako beste lau txartelak eskuratuko dituzte finalerdietan puntu gehien bildu dituzten lau bertsolariek. Hendaiako finalaurrekoan Eneritz Zabaleta (311,5), Xumaia Murua (291,5), Maindi Murua (282), Ortzi Idoate (266,5) eta Gillen Hiribarren (245,5) sailkatu ziren Arzallusen atzetik. Finalerdietan hamahiruna bertso puntuagarri kantatzen ditu bertsolari bakoitzak.
Bizkaikoan, bi kanporaketa
Bizkaiko Bertsolari Txapelketan beste bi kanporaketa jokatuko dira asteburuon. Hirugarrena Mungiako Olalde aretoan egingo da bihar, eta Ander Elortegi, Iñaki Iturriotz, Malen Amenabar, Peru Vidal, Txaber Ormazabal eta Fredi Paia lehiatuko dira (17:30). Etzi, berriz, laugarrena egingo da Sopelako pilotalekuan. Ekaitz Larrazabalek, Garikoitz Sarriugartek, Gorka Lazkanok, Igor Elortzak, Joseba Artzak eta Nerea Ibarzabalek kantatuko dute (17:30). Saio bakoitzeko irabazleak finalerdietarako sailkatuko dira. Iratxe Ibarrak eta Ibon Ajuriak jada poltsikoratu dute txartela, aurreneko eta bigarren kanporaketan onenak izan eta gero. Bosgarren eta azken kanporaketa Zornotzan jokatuko da azaroaren 4an.
Xilaba txapelketaren bigarren finalerdia, bihar, Donibane Garazin
Sei bertsolari lehiatuko dira, eta irabazlea azaroaren 10ean Baionan jokatuko den finalerako sailkatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu