Xilabak bidean du doinua

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko bertsolari txapelketa urriaren 6an abiatuko da Altzurukun eta Baionan bukatuko daLehen aldiz Baionan jokatuko da finala, azaroaren 10ean, 17:30ean

Aitor Renteria.
Senpere
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Bertsolari eta bertsozaleen gordagi bihurtu da Senpereko Larraldea baserria, eta han aurkeztu zuen atzo Bertsularien Lagunak elkarteak aurten jokatuko den Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko bertsolari txapelketa, Xilaba. Orotara,hamasei bertsolari lehiatuko dira. Bi kanporaketa jokatuko dira: urriaren 6an Altzurukun (Zuberoa) eta urriaren 14an Kanbon (Lapurdi). Finalaurrekoak Hendaian (Lapurdi) eta Donibane Garazin jokatuko dira, urriaren 20an eta 27an. Finala Baionan egingo da lehen aldiz, azaroaren 10ean, 17:30ean, Lauga kirol aretoan.

Kanporaketetan hamabi bertsolari lehiatuko dira; finalerdietan sartuko dira Amets Arzallus eta Eneritz Zabaleta (Hendaiako saioan), eta Donibaneko saioan sartuko dira Odei Barroso eta Sustrai Colina. Kanporaketetako sarrerak zazpi eurotan jarriko dira salgai (bostean bazkideentzat eta urririk hamasei urtez beherakoentzako), finalaurrekoak hamar eurotan (zazpian bazkideentzat) eta finalekoak 18 eurotan (hamabian bazkideentzat eta bost euroan 10-16 urtekoentzat). Euskal Herri osoan jarriko dira salgai finaleko sarrerak. Aitzinetik erosirik, hamabost eurotan salduko dira, eta honako helbide hauetan eros daitezke: www.xilaba.net eta www.bertsosarrerak.eu atarietan.

Txapela bainoago, itzala

Xapelketa, xapel meta izanen da aurtengo leloa, eta, Joana Itzaina Bertsularien Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, txapelduna ez ezik, txapelketetan, elkartearen bizian eta bertso eskolatan aritzen eta aritu izan diren guztiei egiten die erreferentzia. Izan ere, duela urte gutxi, bertsolaritzak zailtasun nabarmenak zituen plazak betetzeko. «Txapel bakarra bainoago, txapel andana bat banatu nahi diegu xede hau aitzinatzen lagundu duten guztiei»,erran zuen Itzainak. Parte hartzen duten bertsolari guztiei ere, txapel bana eskaini zien, «arriskua hartzen dutelako, arriskuak hartzen, talde baten eta amets baten zerbitzuko».

Duela bi urteko txapelketarekin erkatuz, hutsune nabarmena izanen da Mixel Aire Xalbador bertsolariaren eskasa, baita orduko ezusteko handiena izan zena:Joanes Etxebarria zuberotarra. Baina odol berriturik dator aurtengo txapelketa, eta horren froga da bertso eskoletatik heldu direnMaddi Ane Txoperena, Ortzi eta Maindi Murua edo Maddi Sarasua, aurtengo eskolarteko txapelduna. Bertso eskolen bilakaerak erakusten du gazteak erakartzeko indarra dagoela; duela bi urte 12 talde ziren, iaz 23 eta emendatzen segitzen du.

Finala jokatzeko, Baiona hautatu dute. Hautu sinbolikoa dela azpimarratu du Itzainak, herrialde bakoitzak bere hiriburua duen arren guztien hiriburutzat hartzen baita Baiona. Alta, Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean euskarak ez du toki handirik, eta, hautu horren bidez, keinu bat egin nahi die euskaraz bizi, jolastu eta gozatu nahi duten guztiei. «Finala Baionan jokatuz, bertsoaren eta euskararen ispilu bihurtu nahi dugu, jendeak bertan jar dezan begirada».

Amets Arzallus bertsolariak, lehen bi txapelketetako txapeldunak egindako lan guztia eskertu zuen. «Saiatuko gara ahal dugun ilusio eta plazer handienez egiten». Txapelketari begira, ilusio kolektibo baten partaide sentitzen zela azaldu zuen. Ilusio kolektibo horretatik, ilusio pertsonalak elikatzen dituela erran zuen, bertso eskolen lanari erreferentzia eginez.

Bertsozaletasuna zabaltzeko lanaren garrantzia ekarri zuen gogora Arzallusek. Horren emaitza da bi urtetik behin jokatzen den Xilaba txapelketa. Euskarak eta bertsozaletasunak Ipar Euskal Herrian duten errealitatea kontuan harturik, gaur egun behar den intentsitatea dela onetsi zuen. Hirugarren txapelketa dela gogoratuz, erran zuen usu errazagoa izaten dela xedea abian jartzea hari iraunaraztea baino. Irauteak taldearen berrikuntza suposatzen du, aurpegi berriak, ilusio berriak, engaiamendu berriak.

Txapelketa Baionan egitea desafioa da, berez, eta, duela bi urte Donibane Lohizunen 2.000 entzule bildu bazituen finalak, aurten 2.500 biltzea dute erronka. Euskara hil edo bizi ari den lurraldean, erronka handia dela nabarmendu zuen Arzallusek, eta bertsolariekk ahal duten guztia emanen dutela.

Txapelketa girotzeko hainbat jarduera eginen dira, eta horien artean aipatzekoa da ostiralean Bertsolari filma emanen dutela Miarritzeko Le Royal zineman, Kutxabank banketxearen babesarekin. «Txapelketa ez ezik, bertso eskolei ere helarazten diegu gure babesa, banketxeak lortzen dituen etekinen parte bat gizarte ekintzetarako baliatuz», erran zuen Maite Tolosa Kutxabank Iparraldeko Garapen Komertzialeko arduradunak.

Bertsozaleek zorrotz errepara diezaiokete Bertsularien Lagunak elkartearen webgunean, duela bi urte bezala, han eskuragarri egonen baita informazio guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.