DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA

Xingola beltza giroan

Gerediaga elkarteak «Euskal Herriko azken Kixotearen» argazkia jarri du azokako sarreran paratutako haritzean. Jende samalda bildu da Elkar eta Pamielaren mahaietara idazle eta kantariaren lanen bila

Irune Berro Urrizelki.
Durango
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Xingola beltza bihotzean zuela esnatu zen Durangoko 45. Euskal Liburu eta Disko Azoka herenegun. Xabier Leteren heriotzak utzitako arrastoa nabarmena zen atzo ere. «Euskal Herriko azken Kixotearen» argazkia jarri dute Gerediaga elkarteko kideek, Landakoko sarreran paratutako haritzean. Idazle eta musika handiaren irudiak ongietorria emango die bihar arte azokara biltzen direnei.

«Haize errota guztien kontra ibilitako sortzailea» gogoan du Jon Irazabal azokako zuzendariak. Azokaren bigarren urtean Ez Dok Amairurekin kantatzen izan zela akorduan du. Eta duela urte bi egin zuela azkeneko agerraldia ferian. Egunsentiaren esku izoztuak argitaratu berria zuen, eta egun batzuk lehentxeago Mikel Laboa zendu izanak min latza eragin zion arren, poema bildumaren aleak izenpetu zituen Pamielan. «Ez da protokolozko harremana. Harreman sentitua da. Jendeak gauzatxoak esaten dizkit, eta ni saiatzen naiz gertuko agertzen», zioen orduan Letek.

Harreman zintzo eder horren segida dira jendearengan modu espontaneoan loratzen ari diren jarrera maitakor eta ikusmin galderak. Elkarren salmahaira jende aldra biltzen ari da egunotan Leteren abestiak eskuratzeko xedez.

Disko horiek lehenago ere bazituzten mahaian; alabaina, orain bistarago jarri dituztela azaldu du Anjel Valdes editoreak. «Jendea interes handia agertzen ari da lan horiekiko». Lurdes Iriondoren antologia CD euskarrian argitaratzeaz bat, Leterena ere masterizatu eta plazaratu zuen Elkarrek 2006an. Xabier Lete, Kantatzera noazu, Lore bat, zauri bat eta Eskeintza diskoak daude, besteak beste, Elkarren postuan.

Dialektika bereziak

Laga duen hutsunea faltan sentituta jo zuten askok Pamielara, orobat. Egunsentiaren esku izoztuak poema bilduma dute begiz jota gehienek. Eta, horren ondotik, poema bilduma hartako aleak errezitatuz Euskal Herrian barna eginiko ekitaldietan grabaturiko DVDa, Neguan izan zen izenburu duena. Galera da obra bi horien ardatza: lagunen galera, maitearen galera, bizitza beraren galera...

Nolanahi den, Leterentzat oraina etorkizun ere bazela dio Pello Elzaburu editoreak. «Bazituen etorkizunerako asmoak. Ideia batzuk agerian, eta beste batzuk irribarre maltzur batekin, ezkutuan». Editoreak azaldu duenez, erbestea gai gisa hartuta zenbait poema idazten zebilen aspaldion. Erbestea zentzu zabalean ulertuta. «Zioenez, denok bizi izan gara noizbait erbestean: nahi ez genuen garaian, herrian... Denok sentitu gara erbesteratuak noizbait, eta batzuetan, egunero ere bai». Hainbat pieza utzi ditu Letek izkiriatuak horren inguruan. Elzaburuk ez du horiek irakurtzerik izan. Baina ez du baztertzen horiek argitaratzea egunen batean.

Lete pentsalaria ere gabesten dute Pamielan. «Leteren elkarrizketak bakanak bezain mamitsuak ziren». Elzaburuk dakienez, «bazituen milaka orri idatziak, koadernotxoetan txukun apainduak eta urtez urte sailkatuak».

«Etsipenez eta penaz» bizi izan dute Pamielan Leteren heriotza, Azokan goiz zein arratsaldezizandako jende saldoak bezala. Artistaren heriotzak 45. ekitaldiaren jarduna markatu du, ezbairik gabe. Eta beren lanak izenpetzen izandako musikari eta idazleek oso presente izan zuten. Sortzaile ugari ziren atzo azokan, hala nola Jon Benito, Anjel Lertxundi, Arantza Urretabizkaia...

Euskal literaturako ikasleak ere izan ziren azokan. Literaturaren sistemak Durangon zer-nolako harreman sareak egituratzen dituen eta horiek zein eragin dituzten aztertzen ibili zen EHUko ikasle talde bat, Karmelo Landa irakaslearen gidaritzapean. Ikasleek diotenez, «euskal literaturaren sistemak arazo larri bat dauka egunerokotasunean agertzeko, erdal sistema baitu gainean». Egunerokoan dauzkan arazo horiei, baina, bost egunez gaina hartzen die, azokari esker. Hortaz, euskarazko literaturaren sistemak dauzkan gabeziei erantzuten die Durangok, ikasleen arabera. Orain, prozesu horren nolakotasunak ikertu nahi dituzte. Leteren heriotzak eragindako jendearen aldetiko erantzunetik ere zenbait ondorio atera dituzte. «Hautsi du metodologia tradizionalean errotuta dagoen uste bat: sortzailea aktiboa dela eta hartzailea pasiboa». Horixe du Durangok: «Euskal literaturaren sistemak, hemen kontzentraturik, dialektika bereziak sortzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.