Zuzendaria: Andrei Boreiko. Biolin jotzailea: Julian Rachlin. Lekua: Kursaal auditorioa (Donostia). Eguna: Urriak 28.
Arkaitz Mendoza
Xostakovitxen kontzertuaz gozatu ostean, zuzeneko emanaldietan hain gutxitan egitaratzearen arrazoia argi asko islatzen da. Zailtasun ikaragarria du kontzertu honek, bai sotiltasun geruzan bai ziztada biziko teknika deabrutsuan. Hasierako Nokturno txataletik Rachlin lituaniarrak antzeztokiko hormak lurrindu egin zituen soinu epel eta urguri baten arima ferekatuz. Emozio handiko melodia pila loreztatu zituen, aparteko jakinduria frogatzeaz gain, orkestra bikainaren elkarrizketa jokoak hasieratik ulertaraziz. Bikain aritu zen gure EOS, Boreyko zuzendariaren zorroztasunetik iltzatuta musikari bakoitzaren sentiberatasun liluragarria aske aireratu zen. Scherzoko erritmo amildegiak guztiz gainditu zituen zurezko haize taldeak, Rachlinek kordak zarrastatzen zituen bitartean.
Egunetik egunera harizko instrumentuak geroz eta finago dabiltza Euskadiko Orkestra Sinfonikoan. Azkenengo boladan nabarmendu den aldaketarik bortitzena eta baikorrena izan da hau, eta goraipatu beharreko une hauek biziki profitatu beharko genituzke. Zorion handiko artikulazioa, soinu epela, trinkoa eta boteretsua, betiere musika arnasbideak errespetatuz eta geldoki genuen kalitatea kemen handi batekin eraldatuz. Rachlinen kontzertu paregabea Bachen 2.Partitaren Sarabanda-rekin biribildu zen, Bachen musika trinko eta zehatz interpretatu beharrean, ezustean harrapatu gintuen fraseatze ameslari bat eskaini zigun lituaniarrak.
Zein ote da Kalinnikov? Errusiar musikagileetatik guztiz galduta nuen izen hori, eta ikusmin berezia nuen haren musika aztertzeko; halere, ikusmina ezerezean lurrindu zitzaidan lehen bi minutuak entzun eta gero. Musika arina, erraza, aldez aurretik ikusarazten den melodia ponpoxo pila eta egundoko bonba atomikoak unerik arranditsuenetan. Egileak gehiegi astintzen du oboe bakarlaria, gainontzeko haize egurra ezkutuan utziz. Dotore eta fin maneiatu zuten musikariek partitura eta zaleen txalo zaparradak bat-batean etorri ziren.
Xostakovitx xortaka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu