24 aste geroago izena darama aurtengo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Jaialdiak, eta 25. jaialdia dela aitzakia hartuta, atzera begira jarri eta jaialdiak ibilbide osoan erakutsi dituen film esanguratsuenak berrikusteko garaia dela azaldu du Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariak. Film aukeraketa horren helburua "genero heterodoxo, aske, iraultzaile eta berritzaile bati" begirada zabala eskaintzea da.
Erakusketek ere izango dute tokia jaialdiaren barruan. Aurten beteko ditu 25 urte Subterfuge zigiluak ere, eta jaialdiarekin egindako elkarlanaz baliaturik, Subterfugeren erdira bidaia deituriko erakusketa egongo da ikusgai Okendo kultur etxean, urriaren 25etik abenduaren 5era. Bertan, bildutako material grafikoaren aukeraketaren bitartez, "independentzia eta askatasuna" ulertzeko forma partikularra aldarrikatu nahi da. Bestalde, jaialdiaren antolatzaileek 25 urteotan publikoak jasotako materiala biltzeko deia egin dute. Gisa horretan, jasotako materialaren arabera beste erakusketa bat egiteko asmoz azaldu dira antolatzaileak, 25 urteak oroitzeko asmoz.
Zilar eztei hauetan protagonismoa izango du Jack Mircalak (Madril, 1968) egindako kartelak ere. Beldurrezko eta Fantasiazko Astearen lagun zaharra da Mircala, eta, Beltranek azaldu duenez, ilustrazio lanetarako "ez dago hura bezalakorik". Beatles taldearen disko azal batean (Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band) oinarriturik egin du kartela, eta genero fantastikoari zein jaialdiari omenaldia egiteko asmoz azaldu du egindako maketa jendetsua. Kartoi meheak, guraizeak, kola eta koloretako arkatzak izan ditu lan tresna, eta horien bitartez generoaren zein jaialdiaren ikono diren objektu eta pertsonaiei eman die bizitza. Horien artean dira egungo jaialdiaren zuzendaria, Jose Luis Rebordinos zuzendari ohia, Lucia Olaziregi antolaketa lanetan ibilitakoa, Saw filmeko pailazoa, Edgar Allan Poe, otso-gizona eta Frankestein, besteak beste. Kartelak, beraz, Mirclaren maketa du oinarri, eta Asis G. Ayerberena da argazkia.