Yankien lurreratzea

Rickie Lee Jones, Fairport Convention, Wilco, Bonnie Prince Billy eta Fleet Foxes, besteak beste, gurean ariko dira udazkeneanAEBetako folk eta rock talde nahiz bakarlariek izango dute nagusitasuna

Fleet Foxes (goian), Bonnie Pince Billy eta Cowboy Junkies. Z / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Ez da udan kontzerturik ez dela izaten. Izaten dira, jaialdietakoak, jai egitarauen baitakoak, mundu osoan biran dabilen sona handiko izarren batek emandako bakarren bat... Baina musikazale asko dira udazkena edo haren ingurumaria irits dadin desiratzen egoten direnak, urtaro berriarekin batera kontzertuak ugaldu egiten baitira; bai kopuruan eta baita aniztasunean ere irailetik abendura bitartekoa garai oparoa izaten da.

Oparoa dator aurtengo udazkena ere atzerriko taldeei dagokionean. Talde eta musikari beteranoak zein musikaren munduan lehen urratsak ematen ari direnak, lehen ere Euskal Herrian arituak direnak eta estreinakoz gurean izango direnak, izenari izana batzen diotenak eta izena nahiz izana osatzeke dutenak. Izena aipatze hutsarekin euro eta dolarren makineria martxan jartzen duten talde erraldoirik ez dago iragarrita 2011ko urtea amaitu bitartean, ez da etorriko inongo futbol zelairik beteko duenik, baina belarri fineko musika zale apetatsuenak ere asetzeko moduko aukera egongo da.

Berritasuna ez da pop eta rockaren munduan talde anglosaxoien nagusitasuna ia erabatekoa izatea. Aurten ere halatsu izango da, baina bereziki AEBetako folk-rock musikari eta taldeak hasiko dira iristen Euskal Herrira, tantoka-tantoka. Yankien lurreratzea ia etenik gabekoa izango da.

Amerikako Estatu Batuetatik (AEB) iristen azkenetakoa Rickie Lee Jones musikari, kantari eta ekoizlea izango da. Music Legends zikloaren baitan ariko da azaroaren 29an, Bilboko BBK aretoan. 2009an kaleratu zuen Balm in Gilead,orain arteko azken diskoa. Leku eta ziklo berean ariko dira haren aurretik Jack Bruce (urriaren 12a) eta Fairport Convention folk-rock talde ingeles mitikoa (azaroaren 2an), eta ondotik, John Cale (abenduaren 19an). Bruce 60ko hamarkadan arrakasta lortu zuen Cream talde ingeleseko baxu jotzailea izan zen. Eskoziarra da eta 20 lanetik gora plazaratuak ditu bakarka, aurten bertan azkenekoa, zuzenean: Live at the Milkyway.

Fleet Foxes aurrenekoz

Legend izateko musika talde edo bakarlari batek bete behar dituen premisen inguruko eztabaida antzua eta amaiezina izan liteke, baina legend izan ala ez, ondo bidean musika popularraren esparru zabalean arrasto nabarmena utziko dutenak dira Wilco eta Bonnie Prince Billy estatubatuarrak. Biak ala biak azken hamarkada eta erdi luzean sustraidun rock yankiaren aitzindaritza ordezkatu dutenak dira, talde gisa aurrenekoa eta bakarlari moduan bigarrena. Euskal Herrian behin baino gehiagotan izanikoa da Wilco (2009ko ekainean azkenengoz), eta behin bakarrik Bonnie Prince Billy, Will Oldham egiazko izenez. Oñatiko Gaztelekuan aritu zen 2001an, Anari zuela kontzertukide.Beste behin Donostiako Kursaalean ariko da Wilco (azaroaren 3an), etaBilboko Kafe Antzokian Bonnie Prince Billy (urriaren 20an). Oraindik kaleratzeke dagoen The Whole Love diskoberria aurkeztuko du Wilcok eta iaz kaleraturikoThe The Wonder Show of the WorldOldhamek.

Aurreko bien lorratza segitzeko lehen urrats sendoak eman ditu Fleet Foxes Seattlego taldeak. Taldearen izen bereko diskoarekin egin zuen estreinaldia, guzti guztiak gustura utzi zituen ahots polifoniaeta folk, pop nahiz rock uztarketatik sorturiko melodia ederren bitartez. Helplessness Blues izeneko lana kaleratu du aurten, eta Bilboko Santana 27n aurkeztuko du azaroaren 24an.

Soka bertsukoak dira Micah P. Hinson eta Eef Berzelay ere. Biak ere Euskal Herrian usu izandakoak. Uztailaren 21ean Bilboko Kafe Antzokian aritzekoa zen Micah P. Hinson. Tatchenko taldea lagun hartuta Pixies taldearen Trompe Le Monde diskoko kantuan errepasoa egiteko asmoz zuen. Autoz izandako istripu baten ondorioz bertan behar geratu zen kontzertua. Irailaren 10ean eskainiko du kontzertu hori bera, baina The Pioneer Saboteurs ohiko taldea lagun duela. Kontzertu berean Tom Boyle Getxoko taldeak Galaxie 500 taldearen kantuak joko ditu. Barzelay, Clem Snide taldeko gidaria, ondo ezagutzen duen Donostiako Gazteszenan izango da urriaren 6an, Partido Bartzelonako taldea lagun hartuta. AEBetakoa ez, Kanadakoa da country-rock alternatiboa lantzen duen Cowboy Junkies taldea. Kursaalean ariko da azaroaren 10an.

Ez da dena Americana esparru zabal erabiliaren mendeko musika izango, ordea. Nick Curran blues-rock musikari estatubatuarrak bost disko ditu argitaraturik orain artean, denak ere sendo eta laudatuak. Kafe Antzokian ariko da urriaren 14an The Lowlifes taldea lagun hartuta. Oholtza berean ariko da urteak joan urteak etorri post-rockaren etiketa xahutuari leial zaion Mogwai talde eskoziarra (urriaren 25ean) eta rockabilly berritua dakarren Kitty, Daisy & Lewis ingelesa (urriaren 2an). Hardcore Will Never Die, But You Will (Hardcorea ez da inoiz hilko, baina zu bai) izenburu gordineko diskoa kaleratu berria aurkeztuko duGlasgoweko taldeak, eta Smoking in Heaven aurten kaleratua —ibilbideko bigarrena— Londreskoak.

Pettirekin elkarlanean aritu ostean, berriz ere gurean izango da Barrence Whitfield soul, blues eta rock kantaria beteranoa, Kafe Antzokian, irailaren 15ean.Anna Calvi musikari ingeles gaztea (Durangoko Plateruenan, irailaren 15ean) eta Stacey Kent jazz kantari estatubatuarra (Bilboko Elkarte Filarmonikoan, azaroaren 11) iznago dira bisitatuko gaituzten beste artistetako batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.