Bertsomoviedak zazpigarren edizioa du aurten, eta gaur ireki du izena emateko epea. Apirilaren 20ra arteko tartea izango da lehiaketarako lanak aurkezteko.
Ez daude balditza asko parte hartzeko: gutxienez euskarazko bertso bat duen bideo bat egitea, eta garaiz eta behar bezala aurkeztea. Bideoaren amaieran, "gustatu bazaizu, bozkatu www.bertsomovieda.com webgunean" jarri behar dute parte hartzaileek. Besterik ez. Banaka parte hartu daiteke, binaka, taldean... Bideoan euskaraz egindako bertsoak dauden bitartean, berdin du nork eginak diren; adin edo jatorriari dagokionez ez dago mugarik. Hori bai, "elementu iraingarriak" dituzten bideoak bartertzeko eskubidea hartu dute antolatzaileek.
Lehiaketari bi maila jarri dizkiote: gazteena eta helduena. Maila horietako bakoitzean sari bat emango dute, eta aparte, sari orokorrak emango dituzte: ikusleen saria, bertsorik onenei emandako saria, eta bi sari berezi.
Parte hartzeko, bideoa interneteko plataformaren batera igo behar da aurrena, eta gero, www.bertsomovieda.com webguneko formularioa bete. Bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ditzake.
Txakur Gorria sormen taldeak irabazi zuen iazko Bertsomovieda. Txakur Gorria taldeak bideo ikusgarriak osatu zituen BERRIArentzako ere, azken Bertsolari Txapelketa Nagusiaren harira. Segidan, Txakur Gorriaren iazko bertsomovie irabazlea: Hartza zu.
[youtube]https://youtu.be/3uZDjK733qU[/youtube]