Kanporako bidean barrua jo dutela diote Zea Mays taldeko kideek. Dave Allen produktorearekin aritu dira lanean beren zazpigarren lana sortzeko. Besteak beste, The Cure eta Depeche Mode taldeen diskoak ekoiztu dituen Allenekin. Eta diskoa Euskal Herrian grabatu duten arren, Londresen nahasi eta masterizatu dute. Baina kanporako bidaia horretan beren buruekin egin dute topo. Hala sentitzen dute haiek, eta horregatik jarrio diote "da" izena diskoari. "Ezin genuen diskoa Zea Mays deitu, lehen diskoa hala deitu genuelako, baina hori da disko hau: Zea Mays da. Eta horregatik jarri diogu izen hori".Haien ustez, taldearen ertz guztiak biltzen dituelako. Taldearen adar guztiak ageri direlako hamahiru kanta horietan. Alderik dantzagarriena, alderik intimoena, eta baita alderik stoner eta bassatiena ere.
Autoekoizpena da lana, baina Allenen laguntzak egin du berezi. Taldeak erabakia zuen ekoizle batekin lan egitea, eta erabakita zuen norekin aritu ere. Euskal Herrian oporretan zebilen Allenekin topo egin, ordea, eta dena aldatu zuen horrek. Lekeition (Bizkaia) ikusi zituen ekoizleak taldekoak zuzenean, kontzertua gustatu, eta elkarrekin lan egitea hizartu zuten. "Hunkigarria izan da guretzat prozesu osoa", aitortu du Aiora Renteria abeslariak.
Hasiera batean hamar kantako diskoa sortu nahi zuen Allenek. Eta hori izan dute lehia. Hamalau kanta grabatu, eta lau bazterrean uztea zen asmoa, baina taldekideei hori ezinezkoa iruditu, eta hamahiru abesti hautatu dituzte, azkenean, diskorako. "Jo eta ke aritu ginen kontu horrekin eta azkenean lortu dugu", azaldu du Aiora Renteria abeslariak. "Ezinezkoa zitzaigun kanta horiek kentzea".Eta pozik daude azken emaitzarekin. Gaur Bilbon eskainitako prentsaurrekoan ere igartzen zitzaien poza. "Sekulako diskoa da", esan du Iñaki Imaz gitarra jotzaileak. Broma ukitu batez esan du, noski, baina baita serio ere. Eta Renteriak ere antzera: "Diskazo bat da".
Jaiotza bikoitza
Hamasei urteko ibilbidean lan bakoitzarekin "gora" egiten saiatu direla esan du Asiera Basabe bateria jotzaileak. Eta baietz uste dute gainontzeko kideek ere. "Oso ongi moldatzen gara, eta horregatik jarraitzen dugu taldean hasierako lauok". Ruben Gonzalez baxu jotzaileak uztartu egin ditu taldearen disko grabaketaren prozesua eta etxean izandako gertakariak. Izan ere, diskoa grabatzen hastean, Edu izeneko umea izan zuten etxean, eta, beraz, ezin izan zituen estudioko lehen egunak bertan egin. Ekaitz Hernandez, Split 77 taldeko baxu jotzaileak hartu zuen haren postua behin-behinean, eta hark grabatu ditu horregatik diskoko hiru kantako baxuak. Egun batzuen buruan, ordea, Gonzalez estudiora bueltatu, eta hark grabatu zituen gainontzeko abestiak.
Aurreko lanetan hasitako bidean jarraitu dute 'Da' diskoarekin ere. Programazioak eta teklatuak txertatu dituzte zenbait kantatan, baina musika tresna sorta berria ere esntseatu dute oraingoan. Txeloa grabatu du Renteriak, adibidez, kanta batean, eta kontrabaxua Ruben Gonzalez baxu jotzaileak beste batean.
Diskoa lortzeko
Diskoa beren web orrialdean baino ez dago salgai oraingoz. Han lortu daiteke bertsio fisikoa, eta baita digitala ere. Fisikoa erosiz gero, ordea, digitala ere jasoko du erosleak. Durangoko Azokan jarriko dute gero salgai 'Da'. Stand propioa izango du taldeak bertan, eta han salduko dituzte diskoak. Gero helduko da dendetara. Eta kontzertuetan ere izango dituzte salgai.
Gijon eta Oviedon eskainiko dituzte lehen zuzenekoak. "Aurre prestaketa moduko bat izango da", zehaztu du Renteriak. Eta gero helduko dira Euskal Herrira. Atarrabian (Nafarroa) izango dira abenduaren 14an, Donostian, abenduaren 19an, BIlbon abenduaren 26an, eta Gasteizen urtarrilaren 5ean.