Andoni Tolosa 'Morau'
Kantugile eta musikaria«Berez, gehien mamitu ditudanak Nashville Skyline (1969), Desire (1976) eta hasierako bizpahiru horiek dira. Aurrenekoek bere alderik folkena erakusten dute, eta oso argi nabaritzen da AEBetako herri musikaren eragina. Gainera, haren nortasuna primeran islatzen dute. Besteetan, berriz, bere alderik poperoena erakutsi zuen. Lay lady lay kantua, Nashville Skyline-koa, adibidez, zoragarria da; oso gustuko dut, era berean, Romance in Durango, Desire-koa. Dylanen 1970eko eta 1980ko jarduna argi-ilunez betetakoa izan zen, eta disko horrek, hain zuzen, argia erakusten du. Tarte horretan, lan gorabeheratsu dezente egin zituen, baina hori nahiko biribila da. Eta ez dakit adinagatik edo ote den, baina horrela tokatu zitzaidan, eta lagun batek eta biok asko entzun genuen.
Hori bai, sekula ez dut Dylan zuzenean ikusi. Kontua da Dylanekin badudala kontraesan handi moduko bat. Alde batetik, miresten dut hark egindakoa, eta onartzen dut bere musikaren eragina. Baina, beste aldetik, lortu duen irudi erraldoi horrek atzeraka botatzen nau. Azken urteotan jainkotu egin dute,nolabait, eta iruditzen zait gehiegizkoa dela.
'BRINGING IT ALLBACK HOME (1965)'
Markos Untzeta
Kantugile eta musikaria«1965 eta eta 1966 artean kaleratutako Bringing It All Back Home, Highway 61 Revisited eta Blonde on Blonde dira Dylanen nire disko kutunak. Hain zuzen, azken horretakoa da Visions of Johanna gehien maite dudan haren abestia. Harrigarria da zenbat alderdi dituzten Dylanen kantuek; haren ausardia eta aurreiritzi eza edonondik kantuak ateratzeko. Dena da zilegi berarekin, baita lapurreta ere, folk tradizioan ohi den bezala. Zein erraztasun duen melodiarako, testuen poetikotasuna, kantatzeko era berezia… Gainera, abestiak idazteko orduan molde bat amaitzen zaionean bide berrien bila abiatzen da. Trikimailuz beteriko azti bat da Dylan.
Lauzpabost aldiz ikusi dut zuzenean, eta haren kontzertuak biziak eta bat-batekotasunez beteak iruditzen zaizkit. Batzuetan badirudi dena pikutara joango dela, sasi hasiera horiek, zalantzazko uneak eta amaiera ziurgabeak direla eta. Baina, azkenean, kantuak bere bidea aurkitzen du. Baionako emanaldira joango naiz.
'HIGHWAY 61 REVISITED (1965)'
Gaizka Insunza
Audience-ko kidea«Zaila da Bob Dylanen disko bat aukeratzea. Den-denak dauzkat, eta pilo bat dira. Ez dakit gehien gustatzen zaidana den, baina garrantzitsuena esango nuke Highway 61 Revisited (1965) dela. Aurretik egin zituen lau diskoak oso akustikoak ziren, eta belaunaldi berri baten ahotsa bihurtu zen. Protesta abeslari berria zen. Newporteko jaialdian, Pete Seeger eta horiek pentsatzen zuten Dylan izango zela belaunaldi gazte berri baten ikurra, abesti folklorikoak egin eta mezu iraultzaileak bidaliko zituena. Baina momentu batean Dylanek bere bidea jarraitu nahi izan zuen, aldaketa garrantzitsu bat egin zuen, eta Highway 61 Revisited diskoa kaleratu. Badakit aurreko diskoan, Bringing It All Back Home-n (1965), jada talde guztiarekin egindako bere lehen abestiak sartu zituela. Halere, uste dut disko hori dela bere lehen etaparen eta etapa berriaren arteko trantsizio diskoa. Oraindik uste dut Bringing It All Back Home-k ez duela Dylan rockeroaren soinua. Abesti batzuk, adibidez, akustikoak dira, gitarra eta ahosoinuarekin jotakoak: Mr.Tambourine Man edo It's All Over Now, Baby Blue, adibidez. Baditu lan horretan beste batzuk rockeroagoak, bluesera hurbiltzen direnak, baina soinu propioa Highway 61 Revisited-en lortu zuen. Horkoak dira, adibidez, Ballad of a Thin Man abesti bikaina, edota Like a Rolling Stone.
Norbaitek Dylanen diskoren bat erosi beharko balu, hori gomendatuko nioke, nahiz eta arraroa egin. Ahotsa aldatu zuen garaia ere gogoko dut. Nashville Skyline (1969), adibidez. Eta The Band taldearekin egin zuen The Basement Tapes disko bikoitzari ere kariño handia diot. Modern Times-ekin (2006), bestalde, sorpresa handia eraman nuen, baina onerako. Gaur Bilbon ikusiko dut, eta 20an, berriz, Baionan.
'BLONDE ON BLONDE' (1966)
Saioa Garin
Kantugile eta musikaria«Blonde on Blonde (1966) da gehien gustatzen zaidana; Sad Eyed Lady of the Lowlands abestiarekin bukatzen dena. 11 minutu pasatxo irauten du abesti horrek… Dena den, Dylanen disko guztiak ditut gogoko. Dylanengan atentzioa ematen dit folk estilo horrek, baina haren kantatzeko moduak lotu ninduen. Nola jartzen duen azentua hitzetan, zenbat hitz erabiltzen dituen, esaldi luze horiek… Gustatzen zait nola lotzen duen musika hitzekin. Eta begira, gainera, zenbat urte daramatzan hori egiten. Beti eskaintzen du zerbait berria, eta beti da interesgarria.Desire (1976) ere asko gustatzen zait, adibidez. Kaleratu zuenean lehen tokian egon zen AEBetako zerrendan, baina irudipena daukat gutxietsia izan dela.
Orain 10 urte pasatxo Donostiako Belodromoan ikusi nuen, eta ez zitzaidan batera gustatu. Esaten da bere kontzertuak oso irregularrak direla, set-list-a aldatzen duela… Egun hartan, orduan lantzen ari zen abestiak jotzera atera zen, eta ez klasikoak eta ez hain klasikoak ere ez zituen jo. Orain ez dit tiratzen bera zuzenean ikusteak.