Zeluloidearen poeta humanista

Theo Angelopulos greziar zinemagilea hil da, 'Beste itsasoa' film berrirako lanean ari zela istripua izanda

Juan Luis Zabala
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Plano bakarreko sekuentzia luzeak, konposizio formal zainduak, kontaketa pausatuak, ardatz kronologikoaren eta erritmoaren hausturak… Zinemagintzaren poetatzat jotzen dute kritikariek Theo Angelopulos, eta halaxe gogoratu zuten atzo, haren heriotzaren berri izan ostean, hark zuzendu zituen film guztietan ageri den humanismoa nabarmentzea ahaztu gabe. Hurrengo filmari Beste itsasoa izenburua emateko asmoa zuen, eta herenegun arratsaldean, filmaketarako lekuak bilatzen ari zela, Atenasko Drapetsona auzoan, polizia batek harrapatu egin zuen motorrarekin. Erietxe batera eraman zuten, zaurituta, eta gauerdia baino lehentxeago hil zen, buru isuri baten ondorioz.

Atenasen sortu zen Theodoros Angelopulos, 1935ean. Parisko Sorbona unibertsitateko ikaslea izan, irakasleen artean Claude Levi-Strauss zuela. Hainbat lanbidetan aritu ondoren, zinemagintza ikasketak egin zituen, harik eta «inkonformista izateagatik» eskolatik egotzi zuten arte, 1963an. Atenasera itzuli zen, baina ordurako Frantziako zinemagintzaren eragina bereganatua zuen.

Lehen bi egitasmo zinematografikoak ezin izan zituen amaitu, hainbat arazoren ondorioz, eta 1968an aurkeztu zuen aurreneko filma, I Ekpombi (Emanaldia), 23 minutukoa, Tesalonikako zinema jaialdian. Kritikaren saria eskuratu zuen jaialdi hartan. Jaialdi berean saria jaso zuen bi urte geroago Anaparastasis (Berreraikuntza) lehen film luzearekin. Benetan gertatutako hilketa batean oinarrituta filmatu zuen lan hura: emazteak senarra hil zuen maitalearen laguntzarekin.

Hurrengo urteetan trilogia historikoa deitu ohi dena ondu zuen, Meres tou tu 36 (36ko egunak), O Thiassos(Komedianteen bidaia) eta I Kinighi (Ehiztariak) filmek osatua. Sari ugari jaso zituen hiru film horiekin; Alemanian, Italian, Erresuma Batuan eta Japonian, besteak beste.

Harrera ona eta sariak

Europako zinemagile ezagun eta aintzatetsienetakoa zen Angelopulos trilogia horren ondoren, eta hurrengo filmekin ere harrera ona eta sariak jasotzen jarraitu zuen: Veneziako zinema jaialdiko Urrezko Lehoia eman zion O Megalexandros filmak (Alexandro Handia) 1980an; eta Topio stin Omijli (Paisaia behe-lainotan) filmari esker zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia jaso zuen jaialdi berean 1988an. Aurretik, 1984an, gidoi onenaren saria irabazia zuen Cannesko zinema jaialdian, Taxidi stin Kythera (Kytherara bidaia) filmarekin.

Nolanahi ere, geroxeagokoak dira Angelopulosen bi lanik ezagunenak eta gogoratuenak: To Vlemma tou Odyssea (Ulisesen begirada) eta Mia eonotita kai mia mera (Betikotasuna eta egun bat), 1995ekoa eta 1998koa hurrenez hurren. To Vlemma tou Odyssea-n, AEBetan erbesteratutako greziar zinemagile bat jaioterrira itzultzen da, handik Albaniara, Mazedoniara eta Errumaniara bidaiatzeko, eta, Danubio ibaia zeharkatuz, Belgradera eta Sarajevora;bidean, bere iraganaren eta Balkanetako herrien mamuekin egiten du topo. Mia eonotita kai mia mera-k, berriz, heriotza gertu duen idazle batek albaniar mutil koxkor batekin duen adiskidetasun harremana du kontagai.Epaimahaiaren saria irabazi zuen To Vlemma tou Odyssea-k Cannesko zinema jaialdian, eta jaialdi bereko Urrezko Palma Mia eonotita kai mia mera-k.

Angelopulosen bat-bateko heriotzak etenik utzi duen egitasmoak, Beste itsasoa-k, krisi ekonomikoak Greziako gizartean duen eragina du azterketarako eta gogoetarako gai. Inoiz ez zuen galdu zinemarekiko fedea. «Munduak zinema behar du, orain inoiz baino gehiago», adierazi zuen behin. «Beharbada, azken erresistentzia mota da bizi garen mundu hondatu honetan. Mugez, hizkuntza nahasketez eta egungo kulturez aritzean, humanismo berri bat bilatzen dut, beste bide bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.