Bermeoko Ormaza kontserba fabrika zaharrean, Urdaibaiarte On Zabalbegi proiektu artistikoa aurkeztu zuten atzo, eta han izan ziren Iñigo Atxa, Ibai Leon, Rober Garai, Jose Angel Uberuaga Ube eta Aristide Stornelli; egitasmoan parte hartu duten artistetako batzuk. Obrak irailaren 23ra arte egongo dira ikusgai, asteartetik igandera.
Erakusketaren eragile nagusietako bat espazioa bilatzea izan da. «Espazio berezia eta nortasun handikoa bilatu nahi izan dugu, eta Ormaza lantegi zaharra aurkitu dugu, horrek baldintza bereziak betetzen baititu», adierazi zuen Alberto Palomerak, proiektu artistikoaren komisarioak. «Han jardun duten artistek eraikinaren idiosinkrasia berezira egokitu dituzte obrak, erabilitako espazioaren balio estetikoak indartuta, hausnarketa filosofiko eta kontzeptuala egitera gonbidatuta».
Palomerak adierazi zuenez, «fabrikan sartzeak nolabaiteko misterio a eta abentura kutsua sortzen du». Gainera, ziurtatu zuenez, «ikusleak esploratzaile bilakatuko dira. Fabrika barruan nahi duten ibilbidea jarraitu ahal izango dute, eta, ibilbidean zehar, eskulturak, bideo lanak, pinturak eta metafora epistemologikoak dituzten objektuak aurkituko dituzte; ikusteko eta sentitzeko modu berriak sortzeko lagungarri izango direnak».
Erakusketak ikuslea zirikatu eta motibatu egiten duela adierazi zuen Palomerak. Izan ere, obrak modu berezi batean erakusten dira, modu ludikoan, iradokitzailean eta hondamendizkoan. Horretarako, eraikinaren ezaugarriez baliatu dira. Hala,etorkizun hurbilean animalia babestuak izan daitezkeenak(oiloak), iraganean arrantzatzen zirenak (narbalak edo zaldigorriak),gizakion hondamendia iradokitzen dituzten obrak, edota bost zentzumenak adi jartzen dituen film bat ikusteko aukera izango dute Ormaza kontserba fabrika zaharrera joaten direnek.
1. Iñigo Atxa
Inundita izeneko proiektua egin du. Fabrika zaharraren gela baten hormetan film labur zirikatzaile bat proiektatzen du. Horretan, hainbat sentipen sortzeko elementu bereziak ezarri ditu, usainak, ura eta atrezzoa tartekatuz, besteak beste.
2. Rober Garai
Coelacanthus Biscayensis... hubo un tiempo de Quimeras izena du bere proiektuak. Lan horrekin, «sineskeriak eta ametsak errealitate ziren garai ilun bateko kosmogonia mitologiko-industrialari buruzko unibertso harrigarri bat» dokumentatu eta gauzatu nahi izan du. Hala, euskaldun arrantzaleek narbalak eta nereidak arrantzatzen zituzten ustezko garaiak aurkeztu ditu, besteak beste.
3. Ibai Leon
Muistot izeneko lana jarri du. Horrekin, Urdaibairen inguruko paisaian denboraren eta esperientziaren prozesuak aztertzen ditu.
4. Jose Angel Uberuaga
Urdaibai como pretexto, zilbor hestearen heriotza proiektua formatu handiko instalazioek osatzen dute. Modu kritikoan, naturaren, eraikuntzaren eta giza jarreraren arteko kontrastea erakutsi nahi izan ditu artistak. Gizakiok ingurunean egindako jardunak gogor salatu nahi ditu horiekin, «horrela jarraituz gero, hondamendia eta etorkizun gordina» hel daitekeela ohartarazteko.
5. Aristide Stornelli
Scratching The Train lanarekin, Bilbotik Urdaibairako tren bidaiaz aritu da. Horretarako, collage bat eta diziplina arteko hainbat instalazio egin ditu. «Arretarik jartzen ez duen begiratuari erreparatzera bultzatzen du, xehetasunei, alegia», azaldu du Palomerak. Hala, ingurunean gertatzen dena nabarmendu, eta ikusten den errealitaterantz daraman zati estaliari balio estetikoa ematen dio.
6. Jon Lanbroa
UrTAibai Argigrafiak izeneko lanarekin bukatzen da erakusketa. Beste guztiak ez bezala, laugarren pisuan biltzen da. Uretan oinarritutako argazkiek osatzen dute lana, eta, zentzumenen gozamenerako, ibai baten ur-laren soinua erabili du laguntzaile moduan.
Zentzumenekin gozatzeko artea
Artelanak modu kritiko eta berezian aztertzeko erakustokia bihurtu da Bermeoko Ormaza fabrika zaharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu