Umore zentzugabea, egoera kritikoetan bizitzari aurre egiteko jarrera bat izeneko zinema zikloa jarri dute abian Artiumen, eta datozen bi asteburuetan Espainiako lau film emango dituzte orotara, guztiak ere absurdotik edaten dutenak. Bihar egingo dute lehen emanaldia, eta Edgar Nevilleren La torre de los siete jorobados (1944) izango da ikusgai, film irrigarri eta grotesko tankerakoa, Emilio Carrere idazlearen eleberri batean oinarritua. Etzi, ostera, Rafael Gilen Viva lo imposible (1958) ikusteko parada izango da, banakoak sistemaren aurrean hartzen duen jarrera aztergai nagusi duen pelikula bat. Hilaren 25ean, surrealismoa eta gertakari paranormalak aztertuko dituzte, eta, horretarako, Jose Luis Saenz de Herediaren El destino se disculpa (1945) hautatu dute, Wenceslao Fernandez Florez umoregilea aktore nagusi duen lana. Azkenik, hilaren 26an, Antonio Lararen Habitación para tres filmarekin (1951) amaituko dute zikloa; hots, logikarik gabe eta zatika antolatutako film batekin.
Proiekzio guztiak Artiumeko emanaldi aretoan izango dira, 20.00etan. Pelikula bakoitza ikusteko sarrerak bi euroan daude, eta ziklo osorako txartel berezia, berriz, bostean. Kide elkartuak doan sartu ahal izango dira.
Zentzurik gabeko umoreari buruzko zinema zikloa antolatu dute Artiumen
Egoera kritikoetan bizitzari aurre egiten laguntzen duten lau film emango dituzte datozen bi asteburuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu