'Zergatik panpox' jendaurrean irakurriko dute bihar 400 lagunek

Urretabizkaiaren nobela hautatu dute aurten Bilbo Zaharraren 'Klasikoen irakurraldi etengabea' ekitaldirako

Arantxa Urretabizkaia, Zergatik panpox eleberriaren egilea. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
2012ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Klasikoen irakurraldi etenik gabea ekitaldiaren barruan, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox nobelaren txanda izango da bihar Bilboko Arriaga antzokian. Antolatzaileek azaldu dutenez, 400 inguru lagunek irakurriko dute, txandaka, Arantxa Urretabizkaiak 1979an kaleratu zuen nobela, 08:00etatik 20:00etara bitarte, geratu gabe.

Axularren Gero, Juan Antonio Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa eta Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso lanen lekukoa hartuko du Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox-ek Bilbo Zaharraren Klasikoen irakurraldi etenik gabea ekitaldian. Txomin Agirreren Garoa nobelako Joanes artzaina, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua nobelako Leturia etaRamon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako nobelako berritsua mugarri garrantzitsutzat jo ohi dira euskal narratibaren historian, baina Zergatik panpox-eko pertsonaia nagusia ere aintzat hartzekoa dela esan dute antolatzaileek: «Zergatik panpox nobelan dugu lehenengo aldiz euskal literaturan protagonista femenino subjektu bat, aitzindaria izan zena bere ezaugarri guztietan», azaldu dute aurtengo ekitaldian egindako aukera arrazoitzeko.

Film baten oinarri izandakoa

Zinemarako pausoa eman duten euskarazko nobela bakanetakoa da Zergatik panpox. 1986an estreinatu zen izenburu bereko filma, Xabier Elorriagak zuzendua.

Bihar irakurraldia izango bada; gaur, berriz, Josune Muñoz literatur ikerlariak Zegatik panpox nobelari buruzko hitzaldia emango du, 19:00etan, Euskaltzaindiaren Bilbokoegoitzan, Bilbo Zaharra Forumek antolatutako jardunaldien barruan. Jardunaldi horietan, Ana Urkizak eta Gema Lasartek aurretik ere egin dituzte gai beraren inguruko hitzaldiak.«Kanon berri bat eraikitzeko abiapuntua izan zelako ustean, eleberri labur honek gordetzen duena xehetasunez iruzkinduz gero, bere garaiko eta gaurko modernitate zein klasikotasuna aurkitzen saiatuko gara», azaldu du Muñozek gaurko hitzaldiaren berri ematean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.