Guillaume Connessonen Lucifer ikuskizuna aurkeztuko du Malandain Ballet Biarritz konpainiak Donostian, gaur eta bihar. Emanaldi hori, ordea, ez da bakarrik helduko, konpainiaren aurreko beste bi lan izango baititu alboan: Amor Brujo eta Bolero. Jarraian eskainiko dituzte hiru lanak, Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etatik aurrera.
«Malandain estiloari» jarraitu dio konpainiak azken lan horretan ere. Klasikoaren eta garaikidearen artean kokatu du obra Thierry Malandain taldeko koreografoak, baita «kristauaren eta paganoaren artean» ere. 18 dantzarik parte hartuko dute saioan, Luzifer goiaingeruaren mitoaren hainbat pasarte irudikatzeko: koroatzea, emakumearekin duen elkartzea, epaiketa, erorketa...
Malandainek ondutako obra horretan, Luzifer, «argiaren eramaile» gisa ezagutua, zerutik lurrera erokiko da, Esmeralden Koroa jaso ondoren. Behin lurrean dela, emakume bat ezagutuko du, eta harekin maiteminduko da. Lurtarrek eta goiaingeruek, ordea, debekatuta dute elkar maitatzea. Harreman hori zilegi ez dela eta, infernura kondenatuko dute.
Istorioaren nondik norakoak oholtza gainean azaltzeko, «ispilu gisa» planteatu du emanaldia Malandain konpainiak. «Erdian diagonal bat irudikatu dugu, Luziferren erorketa litzatekeena. Lerro horren alboetan, beti ageri dira iragana eta geroa». Obra berdin hasi eta amaituko da, «goiko eta beheko munduak berdinak direla irudikatzeko». Mitologiako pasartea egungo munduarekin alderatu du Malandainek, Frantzian kataroek zuten ideia bat gogora ekarriz: «Badirudi infernua lurrean bizitzen ari garela, azkenaldian bizi dugun egoera ikusita».
Aurretik egindako hainbat lanen ildotik eutsi dio konpainiak Lucifer obrari. «Paradisu galduaren mina izan dut maiz», dio Malandainek. Horrela, badira bere ikuskizunetan ezaugarri komunak dituzten pertsonaiak; tartean daude Prometeo, Adan eta Eba. «Bitxia da, zerbait jakin nahi izateagatik erlijioak zigortu egiten gaitu».
Pauen aurkeztu dute dagoeneko obra, eta emanaldi hartan orkestra izan zuten lagun. Donostian eskainiko duten saioan, berriz, ez dute halakorik izango. «Oso zaila da, bai ekonomia eta bai espazio aldetik. Hala ere, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin lanean ari gara».
Aurrekontuaren menpe
Elkarrekin aurkeztuko badituzte ere, hiru ikuskizunek ez dute harreman zuzenik. «Hainbat garaikoak dira, kolore anitzetakoak». Amor Brujo eta Lucifer enkarguz egin dituzte; Bolero egitea, berriz, konpainiaren erabakia izan zen. «Istorioak ez dio beti motibazio artistikoari erantzuten; aurrekontuak asko mugatzen du koreografoa».
Hiruretatik Bolero izan zen sortzen lehena, 2001ean. Horretan, hamabi dantzari Maurice Ravelen musikaren erritmoan dantzatzen dira. Musika bera eta eszenaratzea dira obraren berezitasun nagusiak. «Musika musiko-sexuala dela diote; desioa areagotuz doa, apoteosira heldu arte. Dena den, hori baino gehiago, giltzapetik erabateko askatasunera doan bidea landu nahi izan dugu».
Amor Brujo Manuel de Falla musikagileak sortu zuen 1914an, baina 1925an arte ez zen balleterako pieza bihurtu. Malandain konpainiak 2008an estreinatu zuen. Hamasei dantzarik parte hartzen dute, «sorginkeriak eta sineskeriak hartutako giro batean».
Zerua infernuaren pare
Malandain Ballet Biarritz konpainiak 'Lucifer' obra estreinatuko du asteburuan, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu