Duela hiru urte arte zinemazale askorentzat Ben Affleck Hollywoodeko pelikulak egiten zituen halamoduzko aktore horietako bat besterik ez zen. Urte horretan, bere lehen filma zuzendu zuen, Gone Baby Gone izenburua zuen thriller ilun eta bikaina, kritikari zein ikusle gehienen harridurarako. Orduz geroztik, Affleck beste maila batean dago.
Dena den, Gone Baby Gone hura ez zen lehenengo abisua izan. Hamar urte lehenago, 1997an, oraindik oso gazte zela, Ben Affleckek gidoi bat idatzi zuen bere lagun-min batekin. Lagun horrek Matt Damon zuen izena. Gidoi horretatik, Good Will Hunting film halamoduzkoa atera zen, Gus van Santek zuzendu zuena. Eta gidoilari bikote gazteak gidoi onenaren Oscar saria eskuratu zuen.
Kasu honetan, ez du berak idatzi istorioa, eta Chuck Hoganen eleberri batean oinarritu da. Bostonen girotutako thriller-a da. Hiri horretako Charlestown auzoan bizi dira hiriko banku lapur gehienak, filmak erakusten duenez.
Doug MacRay horietako bat da. Bizimodua aldatu nahi du, baina aurretik bere taldearekin azken lapurreta egin nahiko du. Lapurreta horretan banku zuzendari erakargarri bat ezagutuko du, eta gauzak korapilatuko dira. Horrez gain, FBIko polizia bat atzetik duela jakinen du MacRayk.
Affleck bera da filmeko protagonista, banku zuzendariarena Rebeca Hallek egiten du. The Town-ekarrakasta handia izan du AEBetan. Gehien ikusitakoen lehen postuetan izan da hainbat astez.
'THE TOWN'
Zuzendaria: Ben Affleck.
Aktoreak: Bel Affleck, Rebecca Hall, Jon Hamm, Jeremy Renner, Blake Lively, Pete Postlethwaite, Chris Cooper.
Herrialdea: AEB.
Iraupena: 125 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian; Ipar Euskal Herrian irailean estreinatu zuten.
ZINEMA. Banku lapurren auzoan girotutako 'thriller'-a
'The Town' filmatu du Ben Affleck aktoreak, berak zuzendu duen bigarrena, 'Gone Baby Gone'-ren ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu