'Beginners'
Zuzendaria: Mike Mills. Aktoreak: Ewan McGregor, Christopher Plummer, Melanie Laurent, Goran Visnjic. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 105 minutu.Mike Millsen Thumbsucker lehen film luzeak arrakasta izan zuen, eta bigarrengotik ez da gutxiago espero. Zuzendariaren esperientzia pertsonalean oinarritutako filma da; aitak 75 urterekin homosexuala zela aitortu zion. Ama hildakoan kontatu zion egia, harekin 44 urte ezkonduta eman ondoren. Millsek bizitakoa Ewan McGregor aktoreak antzeztuko du, Oliver pertsonaiaren rolean. Bere bizitza berraztertzera eta amodio erlazioen inguruan gogoeta egitera bultzatuko du aitaren aitortzak. Hal aitak (Christopher Plummer), homosexuala dela esatearekin batera, beste bi albiste emango dizkio: minbizia duela eta mutil gazte batekin dabilela.
'Bad Teacher'
Zuzendaria: Jake Kasdan. Aktoreak: Cameron Diaz, Justin Timberlake, Jason Segel, Lucy Punch. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 92 minutu.Komedian esperientzia duten aktore batzuk bildu ditu Jake Kasdan zuzendariak Bad Teacher filmean. Jason Segel How I Met Your Mother telesaileko aktorea eta Justin Timberlake Friends With Benefits filmean lan egindakoa, esaterako. Dena den, Cameron Diazek bereganatuko du arreta gehien, hura baita filmeko protagonista. Elizabeth izango da irakasle bihozgabe eta ganorabakoa. Bere bikotekideak harekin duen harremana etetea erabakiko du, baina Elizabethentzat ez da hori arazo izango. Ikastetxeko irakasle aberats eta ederra konkistatzen saiatuko da; halere, zerbait lortu nahi badu, Amy pinpirinaren trikimailuei aurre egin beharko die.
'Les Mains en l'air'
Zuzendaria: Romain Goupil. Aktoreak: Valeria Bruni Tedeschi, Linda Doudaeva, Jules Ritmanic, Louna Klanit Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2010. Iraupena: 90 minutu.Azken hamarkada zinema mundutik kanpo eman ondoren, istorio hunkigarri batekin bueltatu da Romain Goupil zuzendaria. Paperik gabeko etorkinen gaineko politiken eta horiek dituzten ondorioen inguruan jardungo du. Horretarako, haurren ikuspegitik jorratuko du gaia. Parisen girotutako filma da, 2009an. Milana da protagonista, txetxeniarra, institutuko ikaslea. Lagunartean igarotzen ditu eskola egunak, baina egun batean Yousseff laguna eta haren familia deserrituko dituzte. Milana, herrialdea uztera behartuko duten beldur, lagunekin elkartuko da, eta promesa bat egingo dute: betirako elkarrekin egotea.