Hilberria. Dino De Laurentiis

Zinema ekoizle italiarra

Jon Fernandez.
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Dino De Laurentiis zinema ekoizle italiar emankorra hil zen atzo Los Angelesen (AEB), 91 urte zituela. Italiako filmik ezagunenetakoak ekoitzi eta munduratu zituen: atzerriko film onenaren Oscar bana jaso zuten Federico Felliniren La Strada (1954) eta Le notti di Cabiria (1957) filmak, besteak beste.

1949an Giuseppe de Santis zuzendariaren Riso amarofilmarekin nazioarteko entzutea lortu zuenetik 200dik gora film burutu zituen. Film italiarren mezenas handia izan zen.

Agostino zuen jatorrizko izena. 1919an jaio zen Napoliko Torre Annunziata hirian, familia pastagile batean. Gurasoen negozioan aritu bazen ere goiz murgildu zen zinemaren munduan. Hogei urterekin produzitu zuen bere lehen filma, Emanuele Caraccioloren Troppo tardi t'ho conosciuta (1939). Kameren aurrean ere jardun zuen bere lehen lanean, aktore gisa pertsonaia baten rola jokatuz.

Zinema estudio propioa sortu zuen 40ko hamarkadan Erroman: Dinocitta. Zinemaren munduan garrantzia izan duten filmak muntatu ziren bertan: King Vidorren War and Peace (1956)edota Richard Fleischerren Barrabas (1961).

Italia utzi eta Amerikako Estatu Batuetara joan zen De Laurentiis 1972an. Film arrakastatsuak ekoitzi zituen han ere: Sidney Lumeten Serpico (1973), Sidney Pollacken Three Days of the Condor (1975) edota John Miliusen Conan the Barbarian (1982), esaterako. Ridley Scotten Hannibal (2001) ere berak ekoitzi zuen.

Sari ugari jaso zituen De Laurentiisek. Zilarrezko Lehoia jaso zuen Veneziako zinema jaialdian 1952an. Lau urte geroago, 1956an, New Yorkeko Kritikoen Elkartearen saria eta Urrezko Globoa. 2000an, zinema ekoizle batek jaso dezakeen saririk handiena jaso zuen: Irving G. Thalberg saria. Eta 2003an Urrezko Lehoia eman zioten Venezian ekoizle gisa izandako jardun luzeagatik. Haren alaba Raffaela ere zinema ekoizlea da AEBetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.