'7 días en La Habana'
Zuzendariak: Laurent Cantet, Benicio Del Toro, Julio Medem, Gaspar Noe, Elia Suleiman, Juan Carlos Tabio, Pablo Trapero. Aktoreak: Josh Hutcherson, Emir Kusturica, Daniel Bruehl, Jorge Perugorria, Mirta Ibarra, Vladimir Cruz, Daisy Granados, Elia Suleiman. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2012. Iraupena: 125 minutu.Zazpi zuzendari ezagun, zazpi pelikula labur. Horixe da 7 días en la Habana film kolektiboaren proposamena. Izenburuak argi adierazten duen moduan, Kubako hiriburua da proiektuaren ardatza, eta han gertatuko dira istorio guztiak. Zuzendari bakoitzak hiria nola ikusten eta bizi duen islatzen saiatu da, betiere turistentzako topikoak alde batera utzita. Auzune, giro eta belaunaldi askotarikoak agertuko dira zazpi pelikuletan, eta, horien bitartez, ahal den neurrian jaso dute La Habanako alde askotariko mosaikoa.
'Resident Evil: Retribution'
Zuzendaria: Paul W.S. Anderson. Aktoreak: Milla Jovovich, Sienna Guillory, Colin Salmon, Michelle Rodriguez, Shawn Roberts, Boris Kodjoe, Johann Urb. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 95 minutu.Saileko bosgarren filma da honako hau, eta auskalo honekin amaituko ote diren Aliceren joan-etorriak. Azken bataila gisa aurkeztu dute, baina, sorta zein errentagarri gertatzen ari den ikusita, nekez bukatuko da honetan. Berriro ere, Paul W.S. Anderson aritu da zuzendari lanetan, eta Mila Jocovichek segitzen du horren ospetsu egin duen rolean. Alice Umbrella korporazio maltzurraren bihotzean esnatuko da, eta bere iragan misteriotsuaren xehetasun berriak ezagutuko ditu. Horrekin batera, birusa zabaldu duten arduradunen atzetik segituko du, eta bilaketa horrek Tokiotik Moskura eramanen du.
'Arbitrage'
Zuzendariak: Nicholas Jarecki. Aktoreak: Richard Gere, Brit Marling, Tim Roth, Susan Sarandon, Laetitia Casta, Nate Parker.Herrialdea: AEB.Urtea: 2012.Iraupena: 106 minutu.Film honek zabaldu zuen Donostiako Zinemaldi amaitu berria; horren kontura izan ziren Richard Gere eta Susan Sarandon Donostian, baina pelikula esku-hutsik joan zen Zinemalditik. Goi finantzen munduan girotutako thriller-a da Nicholas Jarecki idazlearen lehen film luzea. Itxuraz, arrakasta handiko negozio gizona da Robert Miller, enpresa erraldoi baten jabea, eta gauzak oso ongi doazkio. Baina errealitatea oso bestelakoa da, arazo larriak baititu Millerrek. Zorrek itota, enpresa gainetik kendu nahiko du, baina ustekabe batek arazoak larriagotuko ditu.