Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun

'Inmaturi'

Zuzendaria: Paolo Genovese. Aktoreak: Raoul Bova, Barbora Bobulova, Ricky Memphis, Ambra Angiolini, Luca Bizzarri, Paolo Kessisoglu, Anita Caprioli, Giulia Michelini. Herrialdea: Italia. Urtea: 2010. Iraupena: 108 minutu.

Paolo Genoveseren komedia honek nolabaiteko arrakasta izan zuen orain dela bi urte Italian, eta horrek bultzatuta ailegatu da gurera. Genovesek berak idatzi duen gidoia da istorioaren ardatza. Aspaldi bateko sei lagun dira Giorgio, Lorenzo, Piero, Luisa, Francesca eta Virgilio. Adiskidetasun estua izan zuten hogei urte lehenago, baina orduz geroztik bakoitzak bere bidea segitu du. Orain berriro elkartuko dira, eta horretarako arrazoia ezin bitxiagoa da. Bere garaian egin zuten selektibitate azterketa bertan behera uztea erabaki du Hezkuntza Departamentuak, eta berriro egin beharko dute azterketa.

'Dylan Dog: Dead of Night'

Zuzendaria: Kevin Munroe. Aktoreak: Brandon Routh, Sam Huntington, Anita Briem, Peter Stormare, Taye Diggs, Kurt Angle. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 107 minutu.

Banpiroen istorioen inguruko moda berriak ez du etenik. Oraingo honetan, Kevin Munroe zuzendari ezezaguna Tiziano Sclavik sortu zuen eleberri grafiko sortan oinarritu da. Dylan Dog da sailaren protagonista, eta Bryan Singeren Supermanena egin zuen Brandon Routhek egin du detektibearen rola. Detektibeak iraganarekin hautsi nahi du, baina horretan dagoelarik arazoak dituen emakume misteriotsu bat agertuko da. Bere aitaren heriotza argitzeko laguntza eskatuko dio Elizabethek; hasiera batean, Dylanek ezezkoa emanen dio. Baina Marcus haren lagun onena hilko dute, eta zonbibihurtu da. Egoera horretan, detektibeak zerbait egin beharko du.

'Bel Ami'

Zuzendariak: Nick Ormerod,Declan Donnellan. Aktoreak: Robert Pattinson, Christina Ricci, Uma Thurman, Kristin Scott Thomas,Colm Meaney. Herrialdea: AEB.Urtea: 2012. Iraupena: 103minutu.

Rachel Benette gidoilariak Guy de Maupassanten eleberri ezagunaren moldaketa berria idatzi, eta Ormerod eta Donellanek eraman dute pantailara. Istorio nahiko ezaguna da, George Duroy soldadu ohia Parisera ailegatu da Aljeriatik, han soldaduskan bi urte eman ondoren. Kazetari izan nahi du, baina ez du lanbide horretarako bokazio berezirik. Harremanetarako dituen gaitasunari esker, Parisko gizartean ezagun egiten hasiko da. Hortaz jabetuta, gero eta helmuga handiagoak jarriko dizkio bere buruari, baina gailurrera ailegatu aurretik, erabateko gain behera hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.