Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun

'Les femmes du 6ème étage'

Zuzendaria: Philippe Le Guay. Aktoreak: Fabrice Luchini, Sandrine Kiberlain, Natalia Verbeke, Carmen Maura, Lola Dueñas. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2011. Iraupena: 106 minutu.

Ekoizpen frantziarra den arren, aktore espainiar askok hartu dute parte Philippe Le Guayren film berri honetan. Izan ere, gaia oso lotuta dago Espainiako historiaren aro jakin batekin. 60ko hamarkadan herrialde horretako emakume gazte askok Frantziara egin zuten, hango familia dirudunetan neskame gisa lan egitera. Emakume horietako batzuen istorioa kontatu nahi izan du zuzendariak, komedia giroan, eta, era berean, ukitu nostalgiko batekin. Carmen Maura beteranoak bigarren mailako aktore onenaren Cesar saria irabazi du film honetan egindako interpretazioagatik.

'Project X'

Zuzendaria: Nima Nourizadeh. Aktoreak: Miles Teller, Oliver Cooper, Jonathan Daniel Brown, Kirby Bliss Blanton, Dax Flame, Nichole O'Connor. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 88 minutu.

Orain dela gutxi, Josh Trank zuzendari gazteak bere Chronicle bikainean erabili zuen baliabide antzekoa baliatu du Nima Nourizadeh hasiberriak Project X honetan. Izan ere, festa baten inguruan filmatutako irudiak dira oinarria. Gauza jakina da baliabide hori oso erabilia izaten ari dela azken urte hauetan istorioei halako sinesgarritasun itxura emateko. Nerabe talde batek festa bat egin eta filmatzea erabakiko du, baina horretan ari direnean hainbat ezusteko gertatuko zaizkie. Den-dena grabatuta geldituko da. Filmak polemika eragin du AEBetan, hainbaten ustez ez delako moralki sobera zuzena.

'Happy Few'

Zuzendaria: Anthony Cordier. Aktoreak: Marina Fois, Elodie Bouchez, Roschdy Zem, Nicholas Duvauchelle, Jean-François Stenevin, Alexia Stresi. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2010. Iraupena: 103 minutu.

V eneziako zinemaldiko sail ofizialaren barruan aurkeztu zuten ekoizpen frantziar hau,2010ean, baina ez zuen oihartzun handirik izan. Filmaren azpitituluak argitzen duen moduan, lau maitaleren inguruko istorioa da. Rachelek Vincent lankidea ezagutu eta berehala haien artean harreman ona sortuko da. Halako batean, bikotekideekin afari bat egitea erabakiko dute, modu horretan elkar ezagutuko dute. Lauren artean adiskidetasuna eta maitasuna sortuko da.Baina egoera horrek ezin du luze iraun, errua eta damua agertuko dira, harreman ezohiko horrekin amaitzeko tenorea heldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.