'The Rum Diary'
Zuzendaria: Bruce Robinson. Aktoreak: Johnny Depp, Amber Heard, Aaron Eckhart, Richard Jenkins, Giovanni Ribisi, Michael Rispoli, Amaury Nolasco, Bill Smitrovich.Herrialdea: AEB.
Urtea: 2011.
Iraupena: 120 minutu.
Orain dela urte batzuk Terry Gilliamek egin zuen modu berean, Bruce Robinson zuzendariak ere Johnny Depp aktorea aukeratu du Hunter S. Thompson idazlearen mundu lisergikoa zinemara eramaten ahalegintzeko. Film honek kontatzen duena, baina, ez da Las Vegasen gertatzen, askoz ere giro karibearrago batean baizik. Istorioa aurreko mendeko 50eko hamarkadan dago girotuta. Paul Kemp Puerto Ricoko egunkari batean lanean hasi den idazle bat da. Politika alorrean oso garai korapilatsuak ditu herrialdeak. Hori gutxi balitz bezala, bere ingurukoekiko harremana ere berehala konplikatuko zaio Kempi; Chenault Kempen lankide baten neska-laguna da, baina oso izaera librea du eta berarekin ihes egiteko proposamen tentagarria eginen dio.
'Safe'
Zuzendaria: Boaz Yakin.Aktoreak: Jason Statham, Chris Sarandon, James Hong.
Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 98 minutu.
Lawrence Benderen izena ez da sobera ezaguna, baina ekoizle arrakastatsua da. Haren eskuetatik Quentin Tarantinoren pelikula gehienak pasatu dira: Reservoir Dogs, Pulp Fiction, Kill Bill... Hura dago Safe honen atzean, aurretik lan egina baitzegoen Boaz Yakin zuzendariarekin. Akzio filma da bete-betean. Horregatik, protagonistaren rolean Jason Statham gogorra jarri dute, gisa honetakoetan aditua da eta. Mai neskatila txinatarrak matematiketarako gaitasun harrigarria du. Halako batean, garrantzi handiko kode sekretu bat ikusi eta burmuinean gordeko du. Horren jakitun, Txinako eta Errusiako mafiazaleak haren atzetik hasiko dira, baita New Yorkeko Polizia ere; denek nahi dute kode hori izan. Patuak Mei Lukerengana eramanen du; polizia ohia jota dago, bere buruaz beste egiteko zorian. Neskaren istorioa ezagutu eta hura babesten hasiko da.
'Starbuck'
Zuzendaria: Ken Scott.Aktoreak: Patrick Huard, Julie LeBreton, Antoine Bertrand,
Dominic Philie, Marc Belanger,
Igor Ovadis.
Herrialdea: Kanada.
Urtea: 2011.
Iraupena: 103 minutu.
Abiapuntu benetan irrigarria du Ken Scotten komedia honek: protagonista hogei urte lehenago esperma donazioak egiten aritu zen; horren ondorioz 533 seme-alaba dituela jakinen du eta horietatik 142k aita ezagutu nahi dutela. Elkarrekin lege ekimen bat hasi dute aita nor den jakiteko. Harengandik dakiten gauza bakarra da bere garaian erabili zuen goitizena: Starbuck. 42 urte ditu Starbuckek, eta bizitzan ahalik eta konplikazio gutxien izatea du helburu nagusi. Polizia gazte bat du neska-lagun, Valerie. Justu 533 seme-alabaren aita dela jakitearekin batera egokitu zaio Valerie haurdun dagoela jakitea ere. Honako hau Ken Scott aktore, ekoizle eta zuzendariaren bigarren film luzea da; aurrekoa Les doigts croches izan zen, publikoaren aldetik oso harrera ona izan zuen pelikula bat.