'Salmon Fishing in the Yemen'
Zuzendaria: Lasse Hallstrom. Aktoreak: Emily Blunt, Ewan McGregor, Kristin Scott Thomas, Rachael Stirling. Herrialdea: Erresuma Batua. Urtea: 2011. Iraupena: 111 minutu.Paul Tordayk idatzi zuen liburu arrakastatsua oinarri hartuta, Lasse Hallstromek pantaila handira eraman du abiapuntu bitxia duen istorio hori. Alfred Jones lasai antzean bizi den funtzionario eskarmentuduna da, arrainen inguruan gehien dakien pertsonetako bat da. Halako batean, proposamen ezohiko bat jasoko du, xeke batek izokinak arrantzatu nahi ditu Yemenen. Jonesek badaki proiektu zoroa dela, eta ezezkoa emanen du, baina gobernu britainiarrak horren berri izanen du eta aukera aparta ikusiko du herrialde arabiarren artean bere prestigioa handitzeko. The Cider House Rules eta Chocolat eztiak dira orain arte Hallstromek egin dituen filmik ezagunenak.
'Kiseki'
Zuzendaria: Hirokazu Kore-eda. Aktoreak: Ohshiro Maeda, Koki Maeda, Hiroshi Abe, Jo Odagiri, Yoshio Harada, Masami Nagasawa, Yui Natsukawa. Herrialdea: Japonia. Urtea: 2011. Iraupena: 129 min.Iazko Donostiako Zinemaldian gidoi onenaren saria jaso zuen Hirokazu Kore-edak istorio hunkigarri honengatik. Protagonistak bi anaia dira, gurasoak bereizi berri dira eta, horren ondorioz, bakoitza hiri batean bizi da, bata Fukuokan eta bestea Kagoshiman. Bi hiriok lotuko dituen tren zerbitzu berria martxan jarri behar dute, eta horrekin batera mirari bat gertatuko den ustea zabaldu da herrialde osoan. Anaiek argi daukate zer nahi duten: gurasoak berriro ere elkartzea, baina, horretarako, mirariak gertatzen diren tokira joan beharko dute, eta bidaia bat hasiko dute, ausart. Japonian ospe handia duen bikote gazte bat da filmeko protagonista: Ohshiro eta Koki Maeda.
'Eu cand vreau safluier, fluier '
Zuzendaria: Florin Serban. Aktoreak: George Pistereanu, Ada Condeescu, Mihai Constantin, Clara Voda. Herrialdea: Errumania. Urtea: 2010. Iraupena: 94 minutu.Azken urteotan Errumaniako zinemagintza oso momentu gozoan dago. Honako hau da handik ailegatu zaigun azken filma, Berlinale zinemaldian epaimahaiaren saria jaso zuen Florin Serban zuzendariaren lan honek, eta horrek bultzada eman dio estreinaldi komertziala segurtatzeko. Silviu gazteentzako atxilotze zentro batean dago, bi aste baino ez zaizkio falta aske geratzeko. Horren zain dagoela, ama iritsiko zaio, eta Silviu ondoan egon den anaia gaztea berarekin eramanen du. Kolpe gogorra da Silviurentzat, berak hezi baitu anaia. Aldi berean, zentroko zaintzaile batekin maiteminduko da Silviu.