'Wrath of the Titans (Clash of the Titans 2)'
Zuzendaria: Jonathan Liebesman. Aktoreak: Sam Worthington, Liam Neeson, Ralph Fiennes, Bill Nighy, Rosamund Pike, Danny Huston,. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 107 minutu.
Clash of Titans -ek oso kritika gogorrak izan zituen,batere ona ez zelako, baina batez ere 3D teknikarenerabilera trakets eta faltsuagatik. Kritikak kritika, ekoiztetxeak frankiziarekin aurrera egitea erabaki, eta hemen da bigarren atala; badaezpada ez dute hiru dimentsiotan iragarri. Zuzendaria aldatu dute, Louis Leterrierren ordez, Jonathan Liebesman dugu, baina gainerakoan deus gutxi aldatu da. Pertseok lasai bizi nahi du semearekin, baina jainkoak berriro matxinatuko dira. Kronos da azken matxinadaren burua.
'Dr. Seuss' The Lorax'
Zuzendaria: Chris Renaud. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 94 min.
Despicable Me filmak izan zuen harrera onaren ostean, Chris Renaud berriro ere animazio film batean murgildu da, oraingo honetan bera bakarrik. Lorax izaki bitxia da, mundua desagertzeko zorian dagoela uste du, eta bera horren kontra borrokatzen ari dela aldarrikatzen du. Bere sorreraren inguruan dena da misterio. Protagonista gaztea neska batekin maiteminduko da, eta hura liluratzeko asmoz, Loraxen jatorria ezagutzen saiatuko da. Animazio filmetan ohikoa den moduan, aktore ezagunek jarri diete ahotsa pertsonaia nagusiei, eta tartean Danny deVito eta Zac Efron daude.
'3 fois 20 ans'
Zuzendaria: Julie Gavras. Aktoreak: William Hurt, Isabella Rossellini, Doreen Mantle, Kate Ashfield, Aidan McArdle, Arta Dobroshi. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2011. Iraupena: 88 minutu.
Zahartzaroa eta maitasuna uztartzen ditu Julie Gravasen bigarren film luzeak. Adam eta Mariek elkar maite dute, denbora luze daramate elkarrekin, eta duten bizimodua guztiz lasaia dirudi. Itxuraz, ez dute arazo larririk, pozik daude biloba, lan eta lagunekin. Egun batetik bestera, bereiztea erabakiko dute. Hirurogeitaka urte dituzte, eta ez dute indarrik errealitate horri elkarrekin aurre egiteko. Luxuzko bi aktore beterano ditu pelikula frantziar honek: William Hurt eta Isabella Rossellini.