Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun

'Wer wenn nicht wir'



Zuzendaria: Andres Veiel. Aktoreak: August Diehl, Susanne Lothar, Alexander Fehling, Rainer Bock, Sebastian Blomberg. Herrialdea: Alemania. Urtea: 2011. Iraupena: 124 minutu.

Ez da oso ohikoa gure zirkuitu komertzial pobrean Alemaniako filmik estreinatzea. Lan honek orain dela hiru urte Uli Udelek egin zuen Der Bader Mienhof Komplex-en nolabaiteko antza du. Izan ere, honakoak ere Alemaniako borrokaldi soziopolitikoak ditu ardatz, eta pertsonaietako bat Gudrun Ensslin da. Horrek Bernward Vespel gaztea ezagutuko du unibertsitatean; idazle izan nahi du, eta, aldi berean, aitak naziekin izan zituen loturak ikertuko ditu. 60ko hamarkadaka amaierako mugimendu antikapitalistan hartuko dute parte, eta, azkenean, batak RAFen amaituko du, eta besteak idazkera berria sortzen lagunduko dioten droga mota guztiak probatuko ditu.

'Et après'



Zuzendaria: Gilles Bourdos. Aktoreak: Romain Duris, John Malkovich, Evangeline Lilly, Pascale Bussieres, Sara Waisglass, Reece Thompson, Bruno Verdoni, Joan Gregson. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2008. Iraupena: 107 min.

Thriller psikologikoaren eta zientzia fikzioaren arteko nahasketa komertziala da Bourdosek 2008an egin zuen filmak proposatzen duena. Istorioa ez da sobera originala, eta amurik handiena bikote protagonista da: Frantziako aktorerik ezagunenetako bat da Romain Duris, eta haren ondoan dago John Malkovich. 8 urte zituela, Nathanek heriotzarekin hurbileko esperientzia bat izan zuen: haur bat salbatzeko nahian ari zela hiltzat eman zuten, baina bizitzara itzultzea lortu zuen. Hogei urte geroago bolada txar batean murgilduta dago Nathan, eta orduan Kay doktore misteriotsua ezagutuko du. Haren esanetan, pertsonen heriotza iragartzen ahal du.

'El gato desaparece'



Zuzendaria: Carlos Sorin. Aktoreak: Beatriz Spelzini, Luis Luque, Norma Argentina, Maria Abadi. Herrialdea: Argentina. Urtea: 2011. Iraupena: 86 minutu.

Bi milako hamarkadaren hasieran Historias mínimas eta Bombón, el perro filmekin dezenteko arrakasta izan zuen Sorin argentinarrak, baina horien ostean bere pelikulek ez dute sobera harrera komertzial ona izan. Beharbada, horrexegatik, estiloa aldatzea erabaki du zuzendariak, eta oraingoan thriller batekin datorkigu. Hainbat hilabetez tratamenduan egon ondoren, ospitale psikiatriko batetik aterako da Luis. Beatriz bikotekidea izugarri poztuko da harekin berriro elkartzeko aukera izateaz, eta etxean ohiko bizimoduari ekingo diote. Handik gutxira, Beatriz zerbait arraroa gertatzen ari dela ohartuko da: Luis ez da aurreko pertsona bera, eta etxeko katua ere hortaz jabetu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.