Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun

'The Thing'



Zuzendaria: Matthijs van Heijningen Jr. Aktoreak: Mary Elizabeth Winstead, Eric Christian Olsen, Joel Edgerton, Jonathan Walker. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 103 minutu.

J ohn Carpenterrek terrorezko generoaren maisulan txiki bat egin zuen 80ko hamarkadan:The Thing. Antartikan bizi den izaki misteriotsu baten inguruko istorio bat zen hura. Inolako erreparorik gabe, izenburu bera erabili dute haren prekuela gisako bat egiteko; aurretik gertatu zena esplikatu nahi duen istorioa egiteko, alegia. Efektu bereziak berriak erabili izana da film honek ekartzen ahal duen berrikuntza nagusia. Gainerakoan, ez da aldatu agertokia: istorio nagusia Antartikan da orain ere. Kate Lloyd ikerlaria hara ailegatuko da, ikerlan bat egiteko asmoz. Izotz artean ontzi estralurtar bat topatu dute, eta barnean, metamorfosiaren bitartez edozein itxura hartzen ahal duen izaki misteriotsu bat.

'La voz dormida'



Zuzendaria: Benito Zambrano. Aktoreak: Inma Cuesta, Maria Leon, Marc Clotet, Daniel Holguin, Ana Wagener. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 128 min.

Benito Zambranok Dulce Chaconen liburua pantaila handira eraman du. Beste behin ere, Espainiako gerraren inguruko ondorioen inguruko film bat dugu honakoa, nolabait oroimen historikoaren aldeko aldarria izatea nahi dutena. Gerra ostean, Pepita izeneko gazte andaluziar batek Madrilera joko du, lan bila. Ahizpa kartzelan du, bere lan politikoagatik. Haren bitartez ezagutuko du Francoren kontrako erresistentzia mugimendua. Baita Paulino ere. Biak maiteminduko dira; baina, hura sasian dabilenez, oso zaila da haien arteko harremana. Filmak aurtengo Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean hartu zuen parte, eta bertan Maria Leonek emakumezko aktore onenaren saria eskuratu zuen.

'I Don't Know How She Does It'



Zuzendaria: Douglas McGrath. Aktoreak: Sarah Jessica Parker,Greg Kinnear, Pierce Brosnan,Christina Hendricks, Olivia Munn, Kelsey Grammer.Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 95 minutu.

New Yorkeko sexu kontuak aldi baterako bazterrean utzi ditu Sarah Jessica Parkerrek, baina oso urruti ez da joan. Batetik, Manhattanen girotu duelako film berria; bestetik, aurrekoen traza bertsua duelako: komedia erromantikoa arina da honako hau ere. Kate Reedy da protagonista nagusia, finantzen kudeaketan lan egiten duen enpresari saiatu bat. Etxeko panorama ez du sobe-ra gozoa, senarra langabezian da, eta lanean zein bere harremanean arazoak pilatuko zaizkio. Bere lagun mina ere antzeko egoeran dago. Halako batean, pertsona berri bat ezagutuko du, Jack, eta Reedyrentzat tentazio handia bihurtuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.