'Another Year'
Zuzendaria: Mike Leigh. Aktoreak: Jim Broadbent, Lesley Manville, Ruth Sheen, Peter Wight, Oliver Maltman, Imelda Staunton. Herrialdea: Britainia Handia. Urtea: 2010. Iraupena: 129 minutu.
Ken Loachekin batera, zinema sozial britainiarraren ordezkaririk ezagunena da Mike Leigh, baina bi zinemagileen estiloa guztiz diferentea da. Mezu politiko zuzenak bazterrean utzita, familia eta pertsonaien egunoroko arazoei erreparatu ohi die Leighek, eta hortik bere ondorioak atera beharko ditu ikusleak. 1996an lortu zuen zuzendariak bere arrakastarik sonatuena Secrets and Lies filmarekin. Orduz geroztik, bere lanek ez dute horrenbesteko oihartzunik izan, baina filmografia sendoa ondu du. Gerri eta Tom ezkonduta daude, eta gauzak nahiko ongi doazkie. Semearekin kezka dute, baina, ezkongabe segitzen duelako. Horrez gain, Gerriren lankide baten bizimodua zuzentzen saiatuko dira senar-emazteak. Urtebetean, heriotza eta jaiotza etorriko dira haien bizitzara.
'Mientras duermes'
Zuzendaria: Jaume Balaguero. Aktoreak: Luis Tosar, Marta Etura, Alberto San Juan, Petra Martinez, Carlos Lasarte, Pep Tosar, Amparo Fernández. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 107 min.
Alejandro Amenabarrek Los otros-ekin ireki zuen bidea, hortik aurrera beste zuzendari askok segitu dute ildo beretik. Espainian ere thriller psikologikoa generoaren arauak segituta egiterik bazela erakutsi zuen zinemagile ezagunak. 2007an, berriz, Paco Plaza eta Jaume Ballagueroren Rec ailegatu zen, eta ate berriak zabaldu zituzten. Oraingo honetan, Plazaren laguntzarik gabe abiatu da Ballaguero, Alberto Marinirekin batera idatzi duen gidoi bati jarraikiz. Cesar jaungoiko txiki bat sentitzen da lan egiten duen eraikinean. Bertako atezaina da, bere talaiatik auzokide guztien bizitza zelatatzen ahal du, baita horietan aldaketak eragin ere. Horregatik, 5. solairuko auzokidea beti horren zoriontsu ikustean jakin-mina piztuko zaio, eta harekin jolasten hastea erabakiko du.
'One Day'
Zuzendaria: Lone Scherfig. Aktoreak: Anne Hathaway, Jim Sturgess, Patricia Clarkson, Romola Garai. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 108 minutu.
Dogma mugimenduko barruko komedia batekin ezagutu genuen Scherfig, hortik aurrera pelikula nahiko arinek osatu dute haren ibilbide artistikoa. Honako honek David Nichollsen liburu bat du oinarri; idazleak berak egokitu du bere lana pantaila handirako. Zuzendariaren esanetara, gaur egungo bi aktore gazte ezagunenetarikoak, Anne Hathaway eta Jim Sturgess. Komedia erromantiko peto-petoa da One Day, Harry eta Sallyren arteko enkontruaren nolabaiteko moldaketa. Emma eta Dexter unibertsitateko lagunak dira; hain zuzen ere, haien graduazio egunean ezagutuko dute elkar. Adiskidetasun handia eginen dute, eta urtero egun berean elkartzea erabakiko dute. Uztailaren 15a diren guztietan hala eginen dute, harik eta elkarrekin maiteminduta daudela konturatuko diren arte.