L'illusioniste
Zuzendaria: Sylvain Chomet. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2010. Iraupena: 76 minutu.
Ezuste handia izan zen 2003an Sylvain Chometen Les triplettes de Belleville, animazio generoko harribitxi guztiz originala. Filmak oso kritika onak jaso zituen, baita hainbat sari ere. Bide beretik segitu du zuzendari frantziarrak bigarren film luzearekin, besteak beste, animazio pelikula onenaren Europako Zinemako eta Cesar sariak eskuratu zituen iaz. Gainera, pelikula honek oso kontu interesgarria ezkutatzen du, izan ere, Jacques Tati zinemagilearen gidoi bat berreskuratu du Chometek; hori moldatuta egin du filmaren istorioa. Mago zahar bat da protagonista, eta, bere magia trikimailuen bitartez, neska gazte baten ilusioa mantentzen saiatuko da, hura konbentzituta baitago benetako magia egiten duela.
Intruders
Zuzendaria: Juan Carlos Fresnadillo. Aktoreak: Clive Owen, Carice van Houten, Daniel Bruhl, Kerry Fox, Ella Purnell, Pilar Lopez de Ayala. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 100 min.
Donostiako Zinemaldiko Sail Ofiziala zabaldu zuen, lehiaketaz kanpo. Ez zituen sobera kritika onak jaso. Fresnadillok orain arte egin duen apusturik ausartena da honakoa, nazioarteko produkzioa baita, oso aktore ezagunak dituena. Thriller psikologikoaren barnean sartzen ahal da Intruders; ametsek eragiten ahal duten beldurraz hitz egiten du, eta amets horiek norberaren bizitzatik kanpo atera beharraz, berandu izan baino lehen. Bi istorio paralelo osatuko dute hari nagusia. Batetik, Madrilen bizi den Juanen amesgaiztoak eta horientzako haren amak bilatuko duen irtenbidea. Bestetik, Londonen Mia idazten ari den istorioa dago, pertsonaia beldurgarri batekin.
El Capitán Trueno y el santo Grial
Zuzendaria: Antonio Hernandez. Aktoreak: Sergio Peris Mencheta, Natasha Yarovenko, Manuel Martinez, Adrian Lamana, Gary Piquer, Ramon Langa. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 107 minutu.
Victor Morak pertsonaia sortu, komikietan arrakasta izugarria ezagutu eta espainiartasunaren ikur nagusietako bat izatera ailegatu zen. Zinemarako bidea ez du batere samurra izan; hasiera batean, Juanma Bajo Ulloa gasteiztarra arduratu behar zen moldaketaz, baina proiektuak ez zuen aurrera egin. Gerora ere Daniel Calparsororen izena agertu zen balizko filmari lotuta. Azkenean, Antonio Hernandez izan da pertsonaia pantaila handira eraman duena.II. Gurutzadan Trueno kapitainak enkargu arriskutsu bat jasoko du: Espainiara eraman behar du kaliz bat, nonbait Grial Santua dena.